Saioa hasi eta berehala, Johanna Sanchez Berdintasun saileko zinegotzi sozialistak hartu du berba: "Lan handia egin dugu, erantzukizun handikoa, eta askotariko eragileekin elkarlanean. Emakume txokotik, Maite Barreña, Esther Lizarralde eta Amets Beltran de Guevara teknikariekin eta berdintasun batzordean, Maitane Muñoz, Itxaro Artola eta Eva Avuinekin. Guztien lanari esker, arreta eta zerbitzu osoa eta baliabideen eraginkortasuna hobetzen jarraitzen dugu. Indarkeria jasaten duten pertsonek ematen digute motibazioa lanean jarraitzeko. Guztion lanari esker, emakumeen egoerak hobera egiten jarraitzea espero dut", nabarmendu du.
Ondoren, udal garraio zerbitzuaren ibilbidea, Elma ingurura aldatzeko erabakia berretsi du udalbatzak, hau ere aho batez, eta Kulturola zaharberritzeko obraren epea azaroaren 1era luzatzeko eskaera ere bai. EH Bildu abstenitu egin da eta Elkarrekin Arrasate udal taldeko Eva Abuinek aurka bozkatu du: "2019ko otsailean esleitu zen obra, 6,5 milioi euroko prezioan eta 16 hilabeterako. Dagoeneko 32 hilabete pasa dira eta beste hilabete luzatzeko eskaera dator orain. Beraz, aurka bozkatuko dugu".
Taxiaren hiri tarifak ere, onartuta
Taxiaren 2022rako hiri tarifak ere onartu dituzte, aldeko 20 botorekin eta Eva Abuinen abstentzioarekin. EH Bilduk, alde bozkatu duen arren, eskaera bat egiteko baliatu du puntua: "Behin eta berriro obra eta zerbitzuetan eskatzen ari gara. Auzoetan bizi diren arrasatearrek garraio arazoa daukate. TAO sistemak egoiliar txartela izatea eskatu izan dugu behin eta berriro baina ukatu egin zaie. Bere garaian taxien zerbitzua izan zuten Bedoñan, Udalan edota Meatzerrekan. Eskatzen dugu berriz ere martxan jartzea, baldintza egokiak izan ditzaten herrira etortzeko", azaldu du Maider Morras bozeramaileak.
Hauek dira tarifak:
Horrez gain, Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren AE 15.- Gautxori esparruaren subrogazioa ere onartuta geratu da, unibertsitateak espazio hori urbanizatzeko daukan proiektuaren baitan, esparrua kontzertazio bidez kudeatu ahal izan dezan.
Kreditu aldaketa eta negoziatzeko borondatea
2021eko aurrekontuaren kredituak aldatzeko espedientea ontzat emateko proposamenean aurka bozkatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek. "Aurrekontuen eta kreditu aldaketen erabakiak Gobernuak hartzen ditu. Ez daukagu aukerarik parte hartzeko eta iritzirik emateko. Beraz, elkarlanaren izenean, parte hartzeko aukera izatea eskatzen dugu. Zerbitzu asko ez dira ari garatzen, adibide moduan, azokaren zerbitzua. Urtetik urtera, kreditu aldaketaren baitan sartzen da baina ez da gauzaten", azaldu du Morrasek.
Udal Gobernuaren bozeramaile Anuska Ezkurrak erantzun dio pozten dela elkarlanerako gonbidapenagatik, eta zera gaineratu du: "Kreditu aldaketa hauek aurrekontuen egokitzapenak dira. EH Bilduk ez ditu ontzat bozkatzen aurrekontuak, beraz, datorren urtera begira, aurrekontuetarako negozioazioan, zuen borondatea eskatuko dut, abstentzioa edo baiezkoa jasotzeko".
Avuinek nabarmendu du, kreditu aldaketak ez direla soilik "zulo txiki batzuk" osatzeko. "Bizitza garestitzen den bitartean, gure gobernuak ez ikusiarena egiten jarraitzen du. Beraz, ezin dugu babestu".
EAJren eta sozialisten mozioa, onartuta
Konektatu energia trantsizioarekin mozioa aurkeztu dute EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek, bi horien baiezkoarekin eta EH Bilduren eta Elkarrekin Arrasateren ezezkoarekin onartu dena, eta Ezkurrak hartu du hitza. Besteak beste, azaldu du "mota guztietako energia berriztagarriak" areagotzeko beharra dagoela eta udal mailan ere horretan ari direla lanean azken urteetan. "Energia berriztagarrien alde lanean ari gara, C02 isuriak murrizteko. Gainera, besteak beste, argiteriaren publikoan aldaketak egiten ari gara eta Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxeak, esaterako, eraikin jasangarriak izango dira; Ekiola proiektuan ere bagaude...".
EH Bilduko Aitor Zubiagak erantzun dio ezin dela "edozein preziotan" egin energia berriztagarrien aldeko hautua. "Atzo jaso genuen albiste bat Arlaban eta Aramaio artean errota erraldoi bat jartzeko proiektua dagoela. Bioaniztasuaren galera ere bada erronka potoloetako bat. Ezin dugu mendia bat industrializatu". Morrasek eta Avuinek gaineratu dute, Gobernuak benetan sinisten badu, Iberdrola utzi eta alternatibak bilatzeko. "Prest gaude lanketa egin eta aukerak aztertzeko. Sakoneko gai bat da, lanketa bat behar du eta udaletxe mailan, jarraitu dezakegu elkarlanean", erantzun du Ezkurrak.
Jarraian, Deskonektatu elektriketatik, haien iruzurraren aurrean, burujabetza energetikoa! mozioa aurkeztu du EH Bilduk, baina onartu gabe geratu da, EAJren eta sozialisten ezezko botoarekin. "Enpresei ezin diegu onartu haien poltsikoak betetzea herritarren kontura", adierazi du Morrasek.
Irailaren 18ko gertakariak berbagai
Azkenik, Irailaren 18an Vox alderdi politikoak Arrasateko Arizmendiarrieta plazan eginiko agerraldiaren inguruko mozioa aurkeztu du Elkarrekin Arrasate-Podemos/Ezker Anitza-IU/Equo Berdeak udal taldeak, eta Avuinek hartu du hitza: "17 egun pasa dira konfrontazio bila etorri zirenetik. Hala ere, arrasatearrek eta herritarrek konfrontazioa ekidin zuten eta txalotzekoa izan zen haien jarrera. Dena den, ezin dugu beste alde batera begiratu. Irailaren 18ko gertaerak salatu behar ditugu".
Morrasek bat egin du. "Iraintzera eta probokatzera etorri ziren eta Ertzaintzaren babes osoarekin, gainera. Arrasateko eragile guztiak atxikita zauden egitaraua aldatu egin behar izan zuen Sarek eta ez zegoen ertzainik, bazekitelako modu baketsuan egingo genituela aldarrikapenak. Tentsio handia sortu zen herrian eta espero dugu gehiago ez gertatzea".
Ezkurrak, bestalde, desadostasuna azaldu du gaia mozio gisa aurkezteagatik. "Bizikidetza batzorde bat dugu eta zuen kontakizuna entzunda, geroz eta gehiago uste dut batzorde horretan lantzeko gai bat dela. beraz, bizikidetzako batzordeburu bezala ez dut bozkarik emango, uste dudalako gai hau ez dela mozio gisa lantzekoa". Sozialisten bozeramaile Victor Fuentesek ere bat egin du Ezkurrarekin, batzordean adostasuna bilatzeko gai bat dela argudiatuz.
Azkenean, mozioa onartuta geratu da, aldeko bederatzi botorekin, hamar abstentziorekin eta kontrako boto batekin (Ezkurrak ez du bozketan parte hartu).
Emakume Txokoaren kokapena eta TAO
Galdera-erantzunen tartean, bi gai horiek mahaigaineratu ditu Avuinek: "Batetik, Emakume Txokoaren kokapena. Sei urte pasa dira eta badirudi ez daukazuela erantzuteko gaitasunik. Bestetik, TAO sistemaren moratoria eta herri galdeketa bat martxan jartzeko eskatzen diogu Udal Gobernuari".
Lehenari Sanchezek erantzun dio lantzen dauden gai bat dela eta hurrengo batzordean landuko dutela. Bigarrenari, berriz, Ezkurrak erantzun dio: "Badakizu TAO sistema martxan jartzeko prozesu parte-hatzaile bat egin dugula. Ez dugu bat egiten eskaerarekin".