Azken emaitzak (74-59) adierazten duena baino zailtasun handiagoekin, baina denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuen domekan Mondragon Unibertsitateak EBA mailan. "Norgehiagokan sartzea asko kostatzen zaigu", adierazi zuen partidu amaieran talde moreko entrenatzaile den Eneko Matak, eta garaipenetik harago, "gauzak hobetu ditzakegula eta saskibaloi hobea egiteko gai garela" sinetsita agertu zen. Une honetan, seigarren dira sailkapenean arrasatearrak, eta datorren astean Getxori egin beharko diote bisita.