AINARA BORDES
MALTA
"Aurten, gutxi ospatuko dut Maritxu Kajoi; gustatuko litzaidake, baina arrasatear bakarra naiz hemen. Kuadrillakoak Saloun daudenez, ziur bideo-deiren bat egingo dugula, gorbata edo pajarita bat lepotik zintzilik dugula, edo, gutxienez, garagardo bat eskuan. Zerbait egingo dugu, ziur! Gainontzekoan, gogoratu oraindik koronabirusa dagoela, eta distantziak mantenduta ere gozatu daitekeela jaiaz. Maltan hala gabiltza, zentzuz jokatzen, eta disfrutatzen. Ahal den guztia egin eta ondo pasa!".
BEÑAT BARBERENA
TXINA
"Hangzhou herritik agurtzen zaituztet, Zhejiang probintziatik. Seigarren urtea dut hemen, eta beti izaten dugu gogoan hitzordu hau. Urtero legez, aurten ere gogoratu dugu gaurko eguna ospakizun eguna dela. Ohitura den bezala, Shanghaiko euskal etxean zeremonia egingo dugu, baina ez gaur, urriaren 23an baizik. Ni ere bertan egongo naiz. Arrasaten zaudetenontzat, honako mezu hau: ondo pasa familian eta lagunartean. Hori bai, arduratsuak izan. Gora Maritxu Kajoi!".
ANDER RUIZ DE AZUA
MEXIKO
"Egia esan, pandemia honekin eta etxetik kanpora nagoenez, ez dut beste aldi batzuetan bezain presente izan egun hau. Hala ere, ospatuko dut. Arrasaten egon nintzen azken aldian gazta, txorizoa eta saltxitxoia ekarri nituen handik. Lankideekin elkartuko naiz etxean garagardo batzuk edateko; beraz, modu batera edo bestera, ospatuko dugu Maritxu Kajoi. Arrasaten zaudetenoi, EH Sukarraren abestiak dioen bezala, argi ibili eta burua erabili! Eta zaindu, baita ere. Ikusiko dugu elkar bueltan!".
ANE LOPEZ
GREZIA
"Nik, urtero, nagoen lekuan nagoela, soineko beltz bat janzten dut egun honetarako. Bakarrik egon arren, Maritxu Kajoiri keinua egiten diot, ahal dudan bezala. Ez nago ziur nondik nora ibiliko naizen gaur, baina dakidana da ardotxoren bat edo beste edango dudala, ama birjinaren eta Arrasateren omenez. Eta herrikideei, senide eta lagunei zer esan? Ba, modu asko daudela jai honetaz gozatzeko, eta ziur bakoitzak bere modua aurkituko duela aurten. Musu bat guztioi eta gozatu!".
IKER ZABARTE
AUSTRALIA
Hemen, Antipodetan, konfinatuta pasako dugu Maritxu Kajoi, beraz, zerbezarekin eta San Juan suarekin ospatuko dugu. Eta trajearen ordez, bermuda pare bat jantzita. Eta gorbataren ordez, aldiz, udako arroparekin. Izan ere, gu udara bidean goaz. Goraintziak denoi eta ondo-ondo pasa!