Iaz, Javier Yanguasen hitzaldia antolatu zuten Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunean eta aurten, aste osoko egitaraua osatzera ausartu dira. Modu horretan, askotariko ekintzak egingo dituzte irailaren 27tik urriaren 1era bitartean.
Irailaren 27an, esaterako, zahartzaroaren inguruko mahai-ingurua egongo da Kulturateko areto nagusian, Jokin Etxebarria kazetariak dinamizatuta. Mahaikideak, berriz, Olatz Etxabe Iturbide egoitzako zuzendaria, Iñaki Peña barne medikua, Miguel Angel Laspiur Arizmendiarrieta Lagunak Elkarteko presidentea eta Izarra Gonzalez erretiratua izango dira. 17:00etan hasiko da saioa eta ostean, Arrasate Musikaleko beteranoek emanaldia egingo dute.
Martitzenean, irailak 28, 2018tik hona kontseiluak antolatu izan dituen ekintzen kartel guztiak erakutsiko dituzte BAZen, pantaila handi batean, "herritarrek ikus dezaten ze lan egiten dugun". Hala, hitzaldien kartelak, gidak, programak eta abar egongo dira ikusgai. Egun berean, 19:00etan, Abuelos pelikula ikusi ahal izango da Amaia antzokian.
Irailaren 29an, Arrasateko pertsona nagusien elkarteen azoka egingo dute eta elkarte bakoitzak egiten dituen jarduera eta ekintzen berri emango du, bidaiak, tailerrak, dantza ikastaroak eta abar, esaterako. "Erretiratuen elkarteetan, tragoaz eta bingoaz gain, gauza asko egiten dira, eta horiek ezagutarazi gura ditugu", nabarmendu dute. Lau dira Arrasateko erretiratuen elkarteak: Toki Argi, Musakola, Abaroa eta Uribarri.
Eguaztenean bertan, 18:00etan, Arrasateko sexologia zerbitzuko sexologo Aritz Resinesen eskutik, adineko pertsonen sexualitateari buruzko hitzaldia egongo da Kulturateko areto nagusian.
Irailaren 30ean, eguena, Sasoibideren irteera berezia egingo dute, 10:00etan Biteri plazatik irtenda, eta hiru aukera edukiko dituzte parte-hartzaileek, "bakoitzaren nahiaren edo gaitasunaren araberakoak". Lehena, Mojategira; bigarrena, Arrasateko balkoira eta hirugarrena, Miraballesera. Bukatu ostean, 12:00ak inguruan, luntx berezi bat egingo dute Etxaluze eraikinean, Abaroako tabernan eta "edozein joan ahal izango da, ibilaldian parte hartu ez dutenak ere bai". Bost euro ordainduta, bi edari eta bi pintxo eskuratu ahal izango dira.
Azkenik, urriaren 1ean, Pertsona Nagusien Nazioarteko eguna izanik, manifestu bat irakurriko dute Kulturateko areto nagusian, 11:00etan hasita, "Arrasateko Nagusien Kontseiluak dituen ardurak eta beharrak azaleratuz, etorkizunera begira, aurrerapausoak eman daitezen". Gero, Arrasate Musikalek emanaldia egingo du, biolinarekin eta pianoarekin.
"Erronka handia da guretzat"
Kontseiluko kideek azaldu dutenez, iazkoarekin alderatuta, "exijentzia handiko erronka" izan da egitaraua osatzea. "Iaz hitzaldi bakarra antolatu genuen, Javier Yanguasena, eta aurten aste osoan egongo dira ekintzak. Astebeteko egitaraua osatzeak esfortzu handia dakar eta espero dugu arrasatearrek erantzutea. Inportantea da arrasatearrek parte-hartzea".
Saioak, 'streaming' bidez ere bai
Bestalde, astean zehar egingo dituzten saioak streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira. Mahai-ingurua, hemen; Aritz Resines sexologoaren hitzaldia, hemen eta urriaren 1ekoa, hemen.
Hiru urte lanean
2018an sortu zuten Arrasateko Nagusien Kontseilua eta ordutik askotariko ekintzak antolatu izan dituzte. Gaur egun, hauek osatzen dute: Toki Argi, Musakola, Abaroa eta Uribarriko erretiratuen etxeak, Sasoibide, Caritas, Duintasuna eta Bizipoz egitasmoko hainbat kide. "Edozelan ere, ateak zabalik ditugu edozeinentzat".