Zabaldu dituzte Arrasateko ludotekak

Eneko Azurmendi 2021ko ira. 13a, 18:01

Astelehenetik egubakoitzera 17:00etatik 20:00etara egongo dira irekita Okendoko, Santa Marinako eta Usaetxeko ludotekak eta urriaren 1era arte ate irekiak izango dira, probatu nahi duten guztientzat. Bestalde, bihar, martitzena, zabalduko dituzte auzoetako gaztetxokoak.

Aurten, "ohiko funtzionamendua berreskuratzeko" pausoak emango dituzte ludoteketan. Izan ere, zerbitzuen edukiera %60koa izango da, sarrera-irteerak libreak izango dira, hau da, ahalbidetuko da ludotekak eta gaztetxokoak irekita dauden ordu eta egunetan parte hartzea, "indarrean dauden COVID-19 protokoloak jarraituta".

Hezitzaileek azaldu dutenez, horrek aukera emango du zerbitzuak herriko haur eta nerabe gehiagorengana heltzeko. "Aisialdi hezitzailea oinarri duten kalitatezko zerbitzuak eskaintzea dugu helburu, gure herriko haurren eta nerabeen interesak, beharrak eta egoera emozionala erdigunean jarriz", diote. Horregatik, ludoteken eta gaztetxokoen ekipamenduez gain, kanpo espazioak, kalea eta natur-guneak lehenetsiko dituzte.

Urriaren 1era arte, ate irekiak

Ludotekak 3 eta 11 urte arteko haur guztiei zuzendutako zerbitzuak dira. "Jolaserako eta gozamenerako guneak, ondo pasatzeko, pertsonen artean harremanak sortzeko, auzoan eta herrian parte hartzeko, sormena eta emozioak azaltzeko, beti ere, berdintasuna, euskara eta inklusioa oinarri hartuta".

Gaurtik urriaren 1era arte, gainera, hiru ludotekak guztiz irekita egongo dira zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko, hezitzaileekin hitz egiteko eta abarrerako. Urriaren 4tik aurrera, aldiz, izena eman duten haurrek izango dute aukera ludotekara gerturatzeko. Izen-ematea ludoteketan, gazte bulegoan edota www.arrasate.eus webgunean egin daiteke. Aukera egongo da hiruhileko bakoitzean izena emateko, edo urte osorako. (Kuota: 30 euro / urtean (3 euro / urtean kuota murriztua).

Gaztetxokoak, bihartik

Auzoetako gaztetxokoak, bestalde, bihar zabalduko dituzte eta martitzenetik egubakoitzera egongo dira zabalik, 17:00etatik 20:00etara. Asteburuan, aldiz, Musakolako gaztetxokoa egongo da irekita, zapatu eta domeketan, 17:00etatik 21:00etara.

12 eta 17 urte arteko nerabeei zuzendutako espazio bat da, "haien garapenean esanguratsuak diren arloak" lantzeko: "Pertsonen arteko harremanak, parte hartzea, sormena, autonomia, emozioak eta abar".

Informazio zabalagoa eskura daiteke Gazte Bulegoan (Biteri, 3), 943 25 20 65 telefonora deituz edo gaztebulegoa@arrasate.eus helbidera idatziz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak