Elektrizitate-enpresen kontra egin dute Arrasateko pentsiodunek

Mireia Bikuña 2021ko ira. 14a, 12:00

Astelehenero egiten duten elkarretaratzean "gogor salatu" dute enpresa elektriko handien monopolioa eta irabaziak iazkoak baino handiagoak izatea. Era berean, argindarraren faktura, maiatzetik, %57 igo izana kritikatu dute. Elkarretaratzean erabili dituzten protesta-kartelak, Iberdrolak Portaloian duen bulegoaren kristaletan pegatu dituzte.

"Indartsu eta borrokan jarraitzeko" asmoz daude Arrasateko pentsiodunak. Antzuolakoen, Bergarakoen, Aretxabaletakoen eta Oñatikoen antzera kalera irten dira beraien ohiko aldarrikapenekin, baina, oraingoan enpresa elektrikoak izan dituzte jomugan. "Astez aste argindarra eta tarifak elektrikoak igotzen ari dira, inoiz ezagutu gabeko kopuruetan kokatuz. Igoera horiek diru-sarrera txikiagoak dituzten pertsonei eta pentsio miserableak dituztenei eragingo diete. Bitartean, enpresa elektriko handien irabaziak iazkoak baino handiagoa dira", esan dute.

Faktura murrizketako Gobernuak hartutako neurri aringarria "negargarria" dela salatu dute. "BEZ-a %21etik %10era jaistea erabaki dute. Baina, horrek, 8 eta 12 euro arteko aurrezpena baino ez du ekarri. Pedro Sanchezen gobernuak ez du arazoa konpontzeko borondaterik", azpimarratu dute.

Salaketa testua irakurri ostean, euren aldarrikapenak oihukatzen, Herriko Plazatik Portaloira joan dira, Iberdrolak han duen bulegoren aurrean geldialdia egiteko. Han ere euren eskaerak ozen oihukatu dituzte.

Ekitaldia bukatzeko, protesta-kartelak Iberdrolaren bulegoaren kristaletan pegatu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak