Gustuko du josten eta jantziak diseinatzen erakustea eta ibilitakoa da orain dela urte batzuk Debagoieneko herri askotan ikastaroak ematen. Aro berri bat abiatzeko "ilusioz" dagoela kontatu du Arrasate Irratiko Uda giroan saioan, gaur, astelehena. Datorren astean egingo dute mimoz atondu duen akademia ezagutzera emateko ate irekiak ekitaldia, eta hurrengo asteetan hasiko da etorkizuneko jostunak hezten.
Harrobi dantza taldearen diseinatzailea ere bai
Apirilean hasi zen dantza bertikala ikuskizunak egiten duten Harrobi taldearekin lanean, harrezkero, bera da taldearen jantzien diseinatzailea eta arduraduna. "Egiten ditudan beste joskintza-lanekin alderatuz, oso ezberdina da hori, eta horregatik dut, bereziki, oso gustuko. Jantziak diseinatzea da nire egin-beharrekoa, baina ez da gauza bera ezkongai batendako sortu edo hormetan gora eta behera dabilen dantzariarendako".