Galarrako koban barrena, bidai historikoa egin dute bisitariek

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko uzt. 11a, 13:46

Arrasaten, Udalaitzeko magalean eta Meatzerrekaren bihotzean kokatzen den Galarrako koba bisitatzeko aukera izan dute goizean hainbat herritarrek, Arantza Otadui historialariaren gidaritzapean. Bertan gordetzen diren ezkutuko altxorrak ezagutu ahal izan dituzte.

Bi bisita gidatu egin dituzte, Galarrako koba barrutik ezagutzeko. Bidai historikoa egin ahal izan dute bertaratutakoek, Arantza Otadui historialariak gidatuta, eta alderdi geologikoak landu dituen Jesus Mari Zuazubiskar gidari laguntzailearen bitartez.

Kobazuloaren ahotik sartu eta iluntasuna eta isiltasuna lagun, Galarrak ezkutatzen duenaz gozatu dute herritarrek. "Abentura txiki" bat izan zela gaineratu dute, lurretik arrastaka pasa beharreko tarte bat ere badagoelako ibilbidearen hasieran. Eta behin barruan, galeria handiagoa ikusteko aukera izan dute.

Ez dago kobaren adinaren inguruko informazio zehatzik, baina dakitena da Otaduik esan bezala, 1845eko abuztuan Isabel II.aren bisita jaso zuela kobak. Maria Cristina amarekin batera izan zen Isabel II.a Arrasaten. Santa Agedako Bainu Etxeak garai horretan klase sozial altuko jendea erakartzen zuen, eta hemen egonda, aprobetxatu zuten Galarrako koba ezagutzeko. Gainera, horren adierazle moduan, koba barruan plaka bat dago Isabel II.ena bertan izan zela azaltzen duena. 

2012. urtean espeleologian interesa zuten lau gazte Galarran galdu zirela ere azaldu du Otaduik bisitan. Orduan, giza-jardueraren aztarnak gordetzen dituen lau kilometroko galeria multzo bat aurkitu zuten, gaur egun bertarako sarbidea itxita dago, baina ordura arte ikertu gabeko guneak ikertzeko bidea zabaldu zuen horrek eta Otadui bera ibili zen ikerketa lan horretako zuzendari moduan, Itsaso Egizabal arkeologoarekin batera.

Bertan ondorioztatu zuten gutxienez XVI. eta XVII. mendeetan zehar, gizonak, emakumeak eta haurrak jarduten zirela bertan. Minerala lortzeko, pikatxoiak erabiltzen zituzten eta hainbat pitxar ere azaldu izan dira koban.

Gaur egun libre dago kobazuloaren sarrerako tarte handi bat, hain justu ere, hori da bisitariek ikusi ahal izan dutena. Barruan, karst barneko hainbat egitura ikus daitezke. Estalaktitak, zutabeak eta endokarstaren hainbat egitura aurki daitezke. Fauna aldetik, saguzarrak egoten dira.

Hurrengo bisitarako izen-ematea

Bisitariak pozik atera ziren kobatik, ikusi eta entzundakoak interesgarri egin zitzaielako eta irailaren 5ean egingo dute berriz Galarrako kobara bisita gidatua, Udalak bultzatuta. Bisitarako izen-ematea zabalik dago. Eta modu hauetara egin daiteke: BAZen izena emanda, 943 25 20 00 telefonora deituta edo  webgunearen bitartez.

Erlazionatuak

Galarrako koba iruditan

Amaia Txintxurreta Guridi 2021 uzt 11 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak