Arrasateko Emakumeen Mundu Martxak, Pottogorriak eta Arrasateko Bilgune Femistak deituta, Eraso sexitarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean egin dute elkarretaratzea. Eguaztenean eraso matxista baten ondorioz, Murchanten eraila izan zen emakumea ekarri dute gogora eta adierazi dute aurtengo laugarrena dela Euskal Herrian.
Gaineratu dute erailketa horrez gain, atzo sare sozialen bitartez jakin zutela Arrasateko San Juan jaietan bi emakumek gizonezko baten erasoak jasan behar izan zituztela, eta euren "babesa" erakutsi nahi izan diete bi emakume horiei eta erasoari aurre egiteko baliabideak eskaintzeko prestutasuna ere erakutsi dute. Erasotzaileari, aldiz, euren "gaitzespen osoa".
Eraso berri horiek "bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren ondorio zuzenak" direla ere adierazi nahi izan dute elkarretaratzean irakurri duten testuan eta esan dute indarkeria matxista lehen mailako arazo politikotzat hartzea "ezinbestekoa" dela uste dutela eta horrela izatea eskatzen dutela.
Horrekin batera, autodefentsa feministarako deia egin dute, "gure bizitzak direlako jokoan daudenak", azaldu dute.
Elkarretaratze horren aurretik, beste bat egin dute Itaia taldeak deituta. Indarkeria matxista orori aurre egin! Bi emakume erasotuak izan dira sanjuanetan Arrasaten lelopean egin dute hori. Salatu dute, azken hilabete honetan "gutxienez lau emakumek" jasan dituztela erasoak Debagoienean, eta azpimarratu dute, azkenengo biak pasa den hilaren 23an izan zirela Arrasateko San Juan jaietan. Hala, euren "babesa" helarazi nahi izan diete horiek ere erasoak jasan dituzten emakumeei.
"Erasoen aurrean, erantzun eraginkorrak" eraikitzen jarraitzeko konpromiso irmoa dutela ere adierazi dute.