Erguingo igogailuak, erabilgarri

Eneko Azurmendi 2021ko uzt. 8a, 13:11

Gaur, eguena, inauguratu dituzte Erguin auzoko lau igogailuak. Horren berri emateko prentsa agerraldia egin du gaur Udal Gobernuak, eta hainbat bizilagunek ere probatu ahal izan dituzte, hitzordua baliatuz. 24 orduz egongo dira martxan eta edozeinek erabili ahal izango ditu. 

Segurtasun kamerak izango dituzte igogailu guztiek eta bakoitzean hamasei pertsona sartu ahal izango dira; dena den, pandemia dela eta, kopuru hori zortzira murriztuta egongo da oraindik.

Igogailu sistema jartzearekin batera, inguruak berrurbanizatu ditu Udal Gobernuak, Udalpe plaza, esaterako. Hori egiteko lanek 18 hilabete iraun dute eta proiektuak 2.570.352,76 euroko aurrekontua izan du (BEZa barne). "Auzo altu hauetan jende nagusi asko bizi da, baita ezinduak eta umeen karroarekin doazenak ere. Horiei guztiei egunerekotasuna erraztu egin behar zaie eta irisgarritasun bertikalari garrantzia ematen diogu horretarako. Beraz, espero dugu igogailu hauekin egunerokotasuna eta kalitatezko bizimodua erraztea bizilagunei", adierazi du Maria Ubarretxena alkateak.

Andoni Altzelai auzo-alkatea pozik azaldu da dagoeneko igogailuak martxan izatearekin eta azpimarratu du auzotarrentzat oso aurrerapauso garrantzitsua dela. "Herritar helduen kopurua altua da auzoan. Beraz, batzuek agian ez dituzte igogailuak aprobetxatuko, baina gehienek bai".

Erguin auzoan 6.000 herritar inguru bizi dira, Altzelaik azaldu duenez, eta bizilagunen partetik orain arte jaso duen erantzuna, oro har, positiboa izan dela aitortu du auzo-alkateak. "Hurbil bizi direnak oso pozik daude. Beste bizilagun batzuek adierazi digute ea zergatik ez dituzten jartzen beste leku batzuetan ere. Baina nik uste dut guztiondako izango dela aukera ona".

Lehen igogailua, Uribarri etorbidetik Uriburu kaleko bi mailetara iristen dena.

Lau igogailuko sistema

Lau igogailuko sistema da gaur martxan jarri dutena. Lehen igogailuarekin, Uribarri etorbidetik Uriburu kaleko bi mailetara iristen da. Bigarrena, Uriburu kaletik Erguin kaleraino doa, maila ezberdinetako eraikinei irisgarritasuna bermatzeko. Hirugarrena, Erguin kaleko 20. ataritik Udalpe plazara doa, tartean Elizalde kalean ere geratuz eta laugarrena, azkenik,  Udalpe kaleko 10.atari ondotik Anboto kalera igotzen da, tartean Anboto azpialdeko kalean ere geratuz.

Gaurko inaugurazioaren ostean, beraz, Makatzenako eta Erguingo igogailuak martxan daude dagoeneko, eta Santa Teresakoak faltako lirateke Arrasateko irisgarritasun bertikala osatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak