Candela Fernandez: "Ikasleek izugarrizko lana egiten dute iraunkortasunaren arloan"

Eneko Azurmendi 2021ko uzt. 1a, 19:35

Lehengo Eskolako Agenda 21 proiektuaren jarraipena da Eskolako Agenda 2030, eta, proiektu horren baitan, herriko ikastetxeetako ikasleek, hamaika konpromiso hartzeaz gain, hamabi proposamen egin dizkiote Udal Gobernuari, iraunkortasunean oinarrituta.

Udalako Ingurumen Eskolak dinamizatzen du Eskolako Agenda 2030 proiektua Arrasaten, eta eskolako zuzendari Candela Fernandezek azaldu duenez, azken hamasei urteetan Eskolako Agenda 21 proiektuarekin lanean aritu ostean, lehen ikasturtea izan dute hau proiektu berriarekin. "Dena den, aitortu beharra daukagu hau trantsizio ikasturtea izan dela eta bere osotasunean ezin izan dugula gauzatu", adierazi du.

Herriko ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin egiten dute lanketa hori urtero, "jasangarritasunerako hezkuntza bultzatzeko" helburuarekin.

Agenda 21 proiektuarekin alderatuz, ezberdintasun nagusia da aurrerantzean ez dutela gai jakin bat landuko, baizik eta garapen jasangarria lortzeko helburu bat. "Dena den, hau trantsizio ikasturtea izan denez, gai bat landu dugu: Egoera berritik jasangarritasunera", gaineratu du Fernandezek.

Ekintzak, Udalan zein kalean

Askotariko ekintzak egin dituzte gai hori lantzeko eta ekintza horiek bi multzotan bereizi dituzte: batetik, ikastetxeetan eta herriko kaleetan egin dituztenak; eta, bestetik, Udalako Ingurumen Eskolan egin dituztenak. "Ikasturte hasieran, urritik abendura arte bakarrik egin ahal izan genituen ekintza horiek, herriko kaleetan. Otsailetik aurrera, Ingurumen Eskolako egonaldiekin hasi ginen, eta, egoera nolakoa izan den ikusita, nahiko ondo joan dira saioak".

Hamazazpi helburu finkatuta

Aurtengo trantsizio ikasturtearen ostean, helburuei helduko diete datorrenean. Hamazazpi helburu finkatu dituzte garapen jasangarriari begira. "Ikasleek ikasturte honen bukaeran erabaki dute datorrenean landuko dutena; hau da, hiri eta komunitate jasangarriak".

Proposamenak, bideo bidez

Ohiko foroen ordez, aurten lan egiteko modua aldatu egin dute, baina, urtero moduan, hainbat proposamen egin dizkiote Udal Gobernuari, bideo batean jasota. Hauek dira proposamenetako batzuk: "Aurrekontu gehiago jartzea ingurumena berreskuratzeko proiektuetarako. Adibidez, San Balerion egin dena bezalako proiektu gehiago abian jartzea, lurrak erosiz eta auzolanen bitartez zuhaitz landaketak eginez; Udalatxek daukan balio naturala ezagutzera ematea eta babesa ematea eremuari; herri barruan berdegune gehiago sortzea eta zuhaitzak landatzea kaleetan, adibidez, San Andres auzoan; Montzon koba eta beste batzuk garbitzeko auzolanak antolatzea".

Horrez gain, hamaika konpromiso ere hartu dituzte ikasleek, hala nola naturan zaborrik ez botatzea eta mendi ibilaldietan zaborra jasotzea; erabili eta botatzeko produktuak ez aukeratzea; ibaiak garbitzeko edo zuhaitzak landatzeko auzolanak antolatzen direnean, parte hartzea; poltsak berrerabili eta bestela oihalezkoak erabiltzea.

Proposamen "onak eta landuak"

Maria Ubarretxena alkateak adierazi duenez, "oso proposamen onak" dira aurkeztutakoak, "landuak eta ilusio handiarekin" egindakoak. "Ahal dugun heinean, saiatzen gara betetzen. Guk ere lanketa bat egiten dugu, baina guztiak betetzea ez da beti posible izaten. Edozelan ere, inportantea da ikasleekin eseri eta egindakoaren berri ematea", gaineratu du. Hori dela eta, datorren urtean, Kulturaten bilera bat egingo dute, urtero moduan. "Proposamenak banan-banan zerrendatuz, noraino lan egin dugun azalduko diegu, eta haien galderak erantzun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak