ALBISTEAK

Indarkeria matxistaren kontrako baliabideak Arrasateko ez-jaietan

Julen Iriondo Mtz. de Zuazo 2021ko eka. 23a, 12:42

Arrasateko Udalak, txosna-gunearekin eta Arrasateko mugimendu feministarekin koordinatuta, eraso matxisten kontrako baliabideak jarriko ditu herriko ez-jaietan, biharko, etziko eta zapaturako.

Eraso sexisten kontrako telefono morea izango da, batetik, 688 80 91 37, 24 orduz erabilgarri egongo dena, Emagin elkartekoek kudeatuta. "Deitzen duten pertsona guztiek informazioa, aholkua, laguntza eta, hala eskatzen badute, arreta zuzena ere jasoko dute", adierazi du Udaleko Berdintasun batzordeko buru Johanna Sanchezek.

Bestalde, indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeek kudeatuko duten postua jarriko dute Arbolapetan. 22:00etatik 01:30era egongo da zabalik: "Gune honek indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasoko ditu. Horretaz gain, elkartasun eta babes espazioa izatea du helburu".

Sanchezek azaldu du zer dakarren halako baliabideak ezartzeak: "Emakumeek espazio gehiago konkistatzea lortzen dugu. Gure erronka da emakumeak seguru senti daitezela eta jaiez goza dezatela".

Arrasateko Udalak 2.400 euro bideratu ditu eraso sexisten kontrako baliabideotara. Indarkeria matxistarik gabeko jaien aldeko aldarria eginaz amaitu du zinegotziak agerraldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak