Arrasateko Udaleko Kultura Sailak Arrasate Musikalekin, Txatxilipurdirekin, herriko dantza taldeekin eta txosna batzordearekin batera antolatu du, besteak beste, aurtengo ez-jaien egitaraua.
Kultura egitaraua, festarik gabe
Pandemiaren egoera orokorra iazko baino hobea denez, kulturaren aldeko "apustu irmoa" egin dutela adierazi du Maria Ubarretxena alkateak: "Eragile barik jaiak ez dira posible, hainbat boluntarioren lana dago atzetik. Egindako lana eskertu egin behar zaie, askok gozatzen dugulako eurek egindako lanari esker. Baina ezin dugu ahaztu aurten kultura egitaraua dela duguna, jaiak ez ditugu ospatuko. Badakit herritarrak festa gosez daudela, ikusten dugula egoera hobera egiten ari dela, baina oraindik pandemian gaude eta erantzukizunez jokatzea tokatzen zaigu".
"Monteazpi terraza"
Jairik ez da egongo baina igartzen da herrian mugimendu berezi bat dagoela. Horren adibide da txosna batzordeak kudeatuko duen Monterron parkearen azpiko gunea. "Monteazpi terraza" deitu diote guneari aurtengo kultura eskaintzarako; zaila izan da antolaketa eta protagonismo berezia izango dute herriko eta inguru hurbileko musika taldeek, baina txosna batzordekoek ere arduraz jokatzeko dei egin dute.
Ostalariak, erreferentziarik gabe
Pandemiari aurre egiteko neurriak iazkoak baino zorrotzagoak dira aurten ostalariendako baina azken hilabeteetakoa baino hobea da egoera; datozen egunetan, esaterako, 02:00ak arte zabalik egon ahal izango dira tabernak, betiere, edukiera mugatuarekin. Ostalariek, baina, ez dakite aurreikusten nolako egunak izango diren. Honela azaldu du egoera Jai-Zale tabernako Ander Molinuevok: "Ez daukagu erreferentziarik. Iaz egoera hobea zen guretako; %70eko edukiera, barran edateko aukera zegoen... Izorratuta gaude, aurreikuspenak ezin egin. Herritarrei dei egiten diegu egun hauetaz gozatzeko baina errespetuz eta arduraz jokatzeko dei ere egiten dugu".
Goienaren jarraipena: saio berezia ekainaren 23an eta ekainaren 24ko itzulera ekitaldia, zuzen-zuzenean.
Jarraipen berezia Goienan
Goienak gertutik jarraituko ditu ez-jaien bueltan antolatutako ekitaldiak. Bihar, ekainak 23, Arrasateko Udalak antolatutako San Juan bezperako ekitaldia Goiena telebistan eta Goiena.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da. Hain zuzen, 22:00etan hasiko da Maider Arregi kazetariak gidatuko duen saioa, eta haren ondoan izango dira Eneritz Urrutia eta Jose Ramon Vitoria. Erreportajeak eta Arrasateko musikariak izango dira tarte batean protagonista, eta jarraian, 22:30ean izango dira ikusgai zuzenean suaren piztuera, errementari dantza eta ereserkiak. Ekainaren 24an, 13:00etan, itzulera ekitaldia zuzenean eskainiko du Goienak, eta talde kulturalek izango dute tartea. Dena den, ezohiko jaietako ekitaldiak ekainaren 24ko, 25eko eta 26ko Hemen Debagoiena saioan ere izango dira ikusgai.