Juan Ramon Mendieta Kultura zinegotziak adierazi du ekainaren 30ean hasi eta uztailaren 30era arte iraungo duela Udazabalek: "Hamaika ekitaldiko programa izango da; eta arrasatearrei zein bisitariei kulturaz gozatzeko aukera eman gura diogu".
Jon Garai Kultura teknikariak gaineratu du egitarua bi ardatzetan banatzen dela: musika eta kaleko arte eszenikoak (dantza, antzerkia eta zirkua).
Musika, eguaztenero
Eguaztenero izango dira kontzertuak uztailean zehar, eta sona handiko musikariekin arituko dira herriko eta inguruko musikariak: "Herriko talde eta artistei lekua egin nahi izan diegu, eta asteazkeneroko ekitaldiak KM0 dira". Horretaz gain, ekitaldiak auzoetara eramateko "ahalegina" egin dutela esan dute; hala nola, Aldai parkera, Santa Teresara edota Zaldibarko frontoira. "Arrasatear orok kulturaz gozatzea nahi dugu, eta gure herria den Kulturaren taupada txoko ugaritan nabaritzea; ehuntzea", zehaztu dute.
Euria egingo balu, musika emanaldiak Amaia Antzokian egingo lirateke, eta kale-antzerkiak eta dantza-ikuskizunak ere tokialdatu egingo lituzkete.
Edukiera mugatuta
Gaineratu du aire librean eta segurtasun neurri guztiak hartuta eramango dutela aurrera egitaraua: "Kultura segurua dela berresten dugu, azken
urtean, pandemia hasi zenetik, egin dugun eran". Hori horrela, "ezinbestekoa" izango da indarrean dauden COVID-19aren bueltako neurriak betetzea.
Horri lotuta, ekitaldi guztietan edukiera mugatuta egongo dela azaldu dute udal ordezkariek. Sarrerak doakoak izango dira, eta dagoeneko eskuragarri daude udal webgunean. Pertsona bakoitzak gehienez ere lau sarrera eskuratu ahal izango ditu. Udalak programari eskainitako aurrekontua 62.000 eurokoa da.
Egitaraua osorik
Emanaldi guztiak 19:00etan izango dira.
Ekainak 30
- Sonakay eta Izadi, Aldai parkean.
Uztailak 1
- Dantzaz Basoa, Zaldibar frontoian.
Uztailak 2
- Arrasate Musikal Big Band, Monterron parkean.
Uztailak 7
- Olatz Salvador eta Garazi Barrena, Monterron parkean.
Uztailak 9
- Berdinki taldearen eskutik, Minkra zirkua. Biteri plazan.
Uztailak 14
- Julen Alonso + Trigger, Usaetxe plazan.
Uztailak 21
- Ibil Bedi eta The Potes, Santa Teresan (eliza ondoan).
Uztailak 23
- Gag Street Boys 'Yes, we art', Seber Altube plazan.
Uztailak 25
- Node emakumeak, Amaia Elizaran Out eta Eva Guerrero Gorpuztu. Zaldibar frontoian.
Uztailak 28
- Unidad Alavesa eta Screamers & Sinners, Cordoba y Oro plazan.
Uztailak 30
- Barsantiren eskutik Legea gu gara, antzezlana. Seber Altube Plazan.