Juan Arzamendiko lanen berrekitea eta herribusaren zerbitzu berria, onartuta

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 17a, 20:14

Gaur, eguena, egin du Arrasateko udalbatzak ekaineko ezohiko osoko bilkura eta hainbat puntu onartuta geratu dira, besteak beste, Juan Arzamendi Musika Etxeko lanen berrabiaraztea eta herribusaren zerbitzu publiko berria, hirugarren linea barnebiltzen duena. Lehenari dagokionez, EH Bilduk "kezka eta ardura" azaldu du Gobernuak esleipena egiteko erabilitako prozeduragatik eta abstenitu egin da.

Herribusaren zerbitzu publiko berria adostasun zabalarekin onartu du udalbatzak, Elkarrekin Arrasateko Eva Abuin abstenitu egin den arren, gainontzeko boto guztiak aldekoak izan baitira. 

Zerbitzua 693.298 eurogatik esleitu dio Arrasateko Udalak Avanza Urbanos De Euskadi enpresari. "Berrikuntza nagusia da herribusaren hirugarren linea ezarriko dugula. Bere garaian azaldu genuen moduan, goiko auzoetatik ez da pasako linea hori, ibilbide laua egingo du: Musakola, Zalduspe, Garibai, San Andres, Arimazubi, Otalora, Elma, Zalduspe eta Musakola", azaldu du Obrak, Zerbitzuak, Mantentzea eta Auzoak Saileko zinegotzi Victoriano Fuentesek. TAO martxan jartzen denean, Arruena parkean disuasio-aparkaleku bat jarriko dute eta herritarrak hortik erdigunera eramatea izango da hirugarren linearen helburu nagusietako bat. 

Bost urterako kontratua izango da eta, ondo bidean, uztailerako martxan jarriko dute linea berria. "Autobus hibridioa izango da hirugarren lineakoa eta aurrerantzean ekarriko ditugun autobusak ere halakoak izango dira", gaineratu du Fuentesek.

Juan Arzamendiko lanen esleipena eztabaidagai

Udal Gobernuaren bozeramaile Anuska Ezkurrak azaldu duenez, "lan handiko hilabete batzuen ostean", Juan Arzamendi Musika Etxearen  bigarren fasea eraman du Gobernuak osoko bilkurara, eta onartu du udalbatzak. "Irailean hasiko dituzte lanak eta 2022 hasieran martxan izango dugu, Kulturolarekin batera. Etxeko lanak egiten ari gara, hitza betetzen ari gara. Aurreko agintalditik daukagun proiektu garrantzitsu bat da eta errealitate bilakatzeko geroz eta gutxiago falta da".

EH Bildu, ordea, abstenitu egin da, eta zalantzan jarri du esleipena egiteko prozedura. "Ia bost milioi eurotakoa zen lizitazioaren hasierako prezioa eta milioi bat gutxiagoan esleitu da. Enpresek txosten teknikoa eta ekonomikoa aurkezten dute. Hala ere, badaude enpresa batzuk teknikoki egiten duten eskaintza oso ona dela eta jaisten dutela prezioa ahalik eta gehien, legearen barruan. Gerora, gainkostuak etortzen dira. Datorren urteko urtarrilean ikusiko dugu aurrekontua igotzen hasiko dela, proposamen ekonomiko hori ez dela beteko eta azkenean gehiago ordainduko zaio. Modus operandi hori geroz eta gehiago ematen ari da eta hori salatu gura dugu", nabarmendu du Maider Morras bozeramaileak.

Elkarrekin Arrasateko zinegotzi Eva Abuinek "atzerapena eta inprobisazioa" salatu ditu eta gaineratu horiek ez direla pandemiaren ondorio. "Gobernuak ez du onartzen gauzak ez dituela ondo egin, beraz, ezin dut babestu", adierazi du, aurkako botoa emanez.

Ezkurrak zera erantzun die: "Construcciones Moyuaren txosten teknikoak daukan balorazioa oso garrantzitsua izan da. Azterketa teknikoa egin dugu eta enpresaren eskaintzaren arabera, era eraginkorrenean hartu dugu erabakirik onena".

Dirulaguntzen eta udalekuen gaiaz

Arrasateko Udalaren Dirulaguntzen 2020/2023 epealdiko Plan Estrategikoaren 3. gehigarria onartzeko proposamena izan da onartutako beste puntuetako bat, Udal Gobernuaren aldeko botoekin, Elkarrekin Arrasateren abstentzioarekin eta EH Bilduk aurkako botoarekin. 

Morrasek hartu du berba: "Udalekuetara bideratu ez diren laguntzak Leintz Eskola Kirolera bideratzea erabaki da. Baina nork hartu du erabaki hori? Ez da landu gai hau, oinarriek ez daukate zentzurik eta eztabaidatu gabe eman zaie irizpena. Ondorioa izan da hamar ume alde batera utzi izana, nahiz eta gero alternatiba aurkitu diezuen".

Ezkurrak azaldu du, "zaurgarriak" diren familiei begira, urte osorako laguntza ematea erabaki dutela. "Uste dugu eraginkorrena dela urte osora bideratzea, eta ez udako aste horietara bakarrik. Hori izan da Gobernuak hartutako erabakia". Gaineratu du ofizialki ez dutela inongo kexarik jaso, soilik eskutitz bat jaso dutela Arrasate Herri Eskolatik, esanez oso ondo ikusten zutela urte osorako laguntza ematea, baina hiru aste horietarako zerbait egin zitekeela. "Eragileekin berba egin dugu ea prest egongo ziren artatzeko egoera zaurgarrian dauden ume horiek. Guztiak prest agertu dira eta 10 neska-mutikoko talde bat sortu dute horiei erantzuna emateko. Inor ez da geratu udaleku barik eta gura izan duten haur guztiek jasoko dute arreta hori".

Abuinek adierazi dio gaizki egiten denean onartzea dela bide onena. "Horrez gain, oinarriak ez dira bideragarriak. Familiek urtean 13.000 euroko diru-sarrera baino txikiagoa izan behar dute laguntza hori jasotzeko eta muga hori berriz aztertzea eskatu genuen, baina ez duzue berriro aztertu".

Pobrezia menstrualari buruzko mozioa ez dute onartu

Amnesty Internationalen Donostiako taldeak aurkeztutako COVID-19aren aurkako txertoak mundu osoan eskuratzeko mozioa aho batez onartu du udalbatzak.

Bestalde, Elkarrekin Arrasate udal taldeak pobrezia menstrualari buruzko mozioa aurkeztu du. "Emakumeok pairatzen dugu eta ikusgarritasuna emateko aurkeztu dugu mozioa. Besteak beste, eskatzen dugu konpresak eta tanpoiak eraikin publikoetan eskuragarri egon daitezela, pobrezia egoeran daudenek eskuragarri izan ditzaten".

Morraek eskerrak eman dizkio Abuini adostasuna bilatzen saiatzearren eta gaia bistaratzearren, askotan "ezkutuan" ematen den gaia delako. "Guk baiezkoa emango dugu. Udalak gauza asko egin ditzake gai honen bueltan, eta bat gatoz eskaera horiekin".

Ezkurrak azaldu du, alderdi bezala, EAJk eta PSE-EEk bat egiten dutela gaiarekin, baina Gipuzkoako Batzar Nagusietan beste mozio bat dutela onartuta alderdi horien babesarekin. "Beraz, gu horri atxikiko gatzaizkio eta ezezkoa emango diogu mozio honi, baina gaiarekin bat egiten dugu".

Zera erantzun dio Abuinek: "Zertarako gaude hemen orduan? Udal eskumenak dituzten gaiak beste instituzioen menpe uzteko? Negoziaziatzeko borondatea behintzat egon beharko litzateke zuen partetik".

Horrez gain, aerosolei eta CO2 neurgailuei buruzko mozioa ere ez dute onartu, Udal Gobernuko 12 zinegotzien kontrako botoekin. "Gobernuak gaia ez lantzeko erabakia hartu du. Legebiltzarreko akordioak berretsi bai, baina udal mailan ez dauka borondaterik oposizioarekin gaiak lantzeko", azaldu du Abuinek.

Botila-festari konponbide bat eman guran

Galdera-erantzunen tartean, botila-festaren gaia atera du Morrasek. "Botila festekin oso arduratuta dago EH Bildu eta publiko egitea gura dugu. Urgentziazko bilera bat eskatu diogu Gobernuari. Azken ostegunean Gazteluondon egin zuten botila-festa eta bizilagunak kexu dira. Lanketa sakon bat egin behar dugu guztiok batera. Pandemia aurretik ere bazuen garrantzia gaiak, baina pandemia garaian areagotu egin da eta politikariok erantzukizun handia daukagu".

Ezkurrak erantzun dio aintzat hartzen dutela eskaera. "Dena den, Debagoieneko Mankomunitatetik ere gaiari helduko diogu. Baina erantzungo dizuegu lehenbailehen".

EH Bilduko Kepa Urteagak esan du ez duela ulertzen zergatik dauden "hainbeste zailtasun" lau alderdi politiko mahai batean batu eta elkarlanean aritzeko. "Goazen elkartzera, lehenbailehen".

Victor Fuentes sozialisten bozeramaileak ere adierazi du arduratuta daudela botila-festek sortzen duten zaborragatik eta garbiketa zerbitzua "gainezka" ari dela gaineratu du. "Cespari enpresari eskatu diogu asteburuetan laguntza ematea, Santa Barbara eta Monterron garbitzeko. Horrez gain, kontzientziazio kanpaina egin gura dugu Cesparekin, herritarrengana iristeko".

Abuinek erantzun dio agintaldi honetan ez dela kanpaina bakar bat egin eta Udalak "behingoz" kanpaina bat egin behar duela. "Baina ez enpresa batekin, Udalak berak egin behar du kanpaina".

Agenda 2030 proiektuaren baitako bideoaren eta txostenaren aurkezpena

Osoko bilkura hasi aurretik, Udalako Ingurumen Eskolak (UIE) dinamizatzen du Eskolako Agenda 2030 proiektuaren baitan ikasleek egindako bideoa eta txostena aurkeztu dute.

Herriko ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako ikasleek, 1.161 ikasle guztira, egun bateko egonaldiak egin dituzte Udalako Ingurumen Eskolan, eta gaurko bideoaren bitartez, hainbat proposamen egiteaz gain, konpromiso batzuk ere hartu dituzte etorkizun jasangarriago bat eraikitzeko. Alderdi politiko guztiek eskerrak eman dizkiete ikasleei eta Maria Ubarretxena alkateak adierazi du aintzat hartuko dituztela proposamen horiek. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak