Aurtengoan, ekainaren 25ean, herriko haur, gazte zein familiek ondo pasatu eta disfrutatzeko aukera izango dute, "elkar zaintza erdigunean jarri eta beharrezko neurriak errespetatuz" ospatuko den Eguzkilaru egunean. Herriko kanpo espazioak erabiliko dituzte, hala nola, Monterron parkea, herriko kaleak, zein Santa Barbarako berdegunea.
Ekintzetan parte hartzaile kopurua mugatua izango da, indarrean dauden babes neurrien araberako taldekatzeak egingo baitituzte. Horretaz gain, ekintza guztietan
ondorengo neurri hauek bete beharko dira:
- Covid-19 ari dagokion sintomarik izanez gero, ezingo da ekintzetan parte hartu.
- Ekintzetara hurbiltzen diren haur, nerabe eta senide orok, etxetik ekarri beharko du tenperatura hartuta.
- 6 urtetik gorakoak musukoarekin etorri beharko dira.
- Ekintzak burutu aurretik, bitartean eta bukaeran eskuak garbituko dituzte.
- Ekintzetan erabiltzen den materiala uneoro desinfektatuko da.
- Parte hartzaile ororen konpromisoa beharrezkoa izango da neurri guzti hauek bermatu ahal izateko. Neurriak bete ezean, guraso edo tutore
legalen erantzukizuna izango da.
Goiz eta arratsaldeko egitaraua
- 10:00-13:30: Haur eta familientzako jolasak Monterron parkean. Bi txandatan banatuta; 10:00-11:30 eta 12:00-13:30. Txanda bakoitzean 60 pertsonak parte hartzeko aukera egongo da. Ekintzak 10eko taldeetan egin beharko direnez, pertsona gehiagori aukera eskaintzeko asmoz 2 txanda sortu dituzte.
- 11:00-13:00: Ginkanarako informazio puntua Sebero Altube plazan. Egun osoan zehar Arrasateko kaleetan modu autonomoan burutzeko ginkana bat egongo da. Ginkana honen gaineko argibideak jasotzeko jarriko dute informazio puntua. Hala ere, bertatik pasatu gabe ere, haur talde zein familiek ginkana egin ahalko dute Txatxilipurdiko webgunean egongo diren urratsak jarraituta.
- 17:30-18:30: nerabeentzako Ihes Bidea jolasa Herriko Plazan hasita. 10 laguneko taldekatzeak egin beharko dira.
- 19:00etan, Monterron parkean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Amaren Intxaurrak ikuskizuna. 200 pertsonako aforoa egongo da eta Monterroneko gunera 18:00etatik aurrera sartu ahalko da.
Izen ematea, beharrezkoa
Ekintzetan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da. Pertsona bakoitzak lau izen emateko aukera izango du gehienez. Salbuespena egongo da
familia unitatea handiagoa bada, hau da, 5 pertsona edo gehiagoko familiak badira.
Parte hartzaile kopurua mugatua denez, "ahalik eta haur zein nerabe gehienek ekintzetan parte hartzeko aukera izan eta ekitaldien benetako protagonista izan daitezen, bakoitzarekin datozen heldu kopurua haurren ongizate eta zaintzarako beharrezkoa den horretara mugatzea eskertuko genuke", adierazi dute Txatxilipurditik.
Izena emateko honako aukera hauek egongo dira, eta "momentu hauetatik kanpo ez da izen ematerik jasoko":
- Haur eta familientzako jolasak eta Nerabeentzako Ihes Bidea jolasean parte hartzeko, ekainaren 21ean, 18:00-20:00ak bitartean Monterronen.
- Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunerako, ekainaren 21ean, 17:00etan Amaia Antzokiko lehiatilan.