Euskal Herrian aitzindari izan den sistema liztor beltza harrapatzeko

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 3a, 17:33

2.470 liztor beltz harrapatu dituzte aurten Arrasaten; iaz baino "emaitza okerragoak" dira, tenperatura aldaketa handien eraginez. Nabarmentzekoa da, ordea, orain arteko tranpaz gain, selektiboagoa baina hain eraginkorra ez den beste bat ere erabili dutela.

"Aurten tranpa gutxiago jartzea erabaki dugu, albo-kalte gutxiago eragiteko helburuarekin. Izan ere, iaz tranpa asko jarri genituen eta erlabio asko harrapatu, baina baita beste intsektu asko ere", azaldu du Arrasateko Udaleko teknikari Xabier Herrartek. Hala, iazko 64 tranpen aldean, 39 baino ez dituzte jarri aurten, 25 gutxiago, baina jarri dituztenak indartu egin dituzte.

Gainera, orain arte erabili izan duten sistemaz gain, beste sistema bat ere erabili dute aurten. "Kanpaina hasi eta berehala, Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazpen bat bidali zidaten, esanez beste tranpa bat dagoela merkatuan, selektiboagoa dena, eta lehenbailehen harremanetan jarri nintzen komertzialarekin, horiek eskuratu ahal izateko. Era horretan, tranpa batzuk erosi genituen, proba egiteko eta bi sistemak alderatzeko. Beraz, bigarren astetik aurrera, orain arte erabili izan ditugun tranpen alboan, selektiboak jarri nituen puntu batzuetan", adierazi du Herrartek.

Diferentzia nabarmenak dituzte

Udal langilearen esanetan, bi tranpen aldeko diferentzia nabarmena da. "Orain arte erabili izan duguna pote borobil bat da, zabala, eta azpian zulo handi bat dauka, erdian. Potearen barruan likido bat botatzen dugu, urarekin nahastuta, intsektuak erakartzeko. Beraz, intsektuak azpiko zulotik sartzen dira, modu naturalean, eta, beti argira jotzen dutenez, gorantz, ez dakite zelan irten. Ondorioz, nekearen eraginez edo likidoan itota hiltzen dira". Sistema berria, aldiz, botila itxurakoa da eta albo batean hainbat zulo ditu. "Zulo horietako batzuk txikiak dira eta bat, erdian, handiagoa, barrurantz egiten duena. Liztorra azken horretatik sartzen da, eta gero, ez du jakiten zelan irten. Bestean moduan, hemen ere nekatuta edo itota hiltzen da. Sartzen diren gainontzeko intsektuak, gainera, beste zulo txikiago batzuetatik irteten dira; izan ere, zulo horiek oso ondo neurtuta daude, liztor beltzak irteteko aukerarik izan ez dezan. Halaber, zulo txiki horietan brida batzuk jartzen dira, gainontzeko intsektuei irteten laguntzeko edo bideratzeko", azpimarratu du Herrartek.

Hala ere, liztorrari gehiago kostatzen zaio sartzea. "Bestean modu naturalean sartzen bada ere, hemen gehiago aztertu behar du sarrera, inguratu, usaina hartu eta gero sartu. Horregatik, eraginkortasuna galtzen du".

Ez da horren eraginkorra

Astez aste neurketak eta kontaketak egin ostean, Herrarteren ondorioa garbia da: sistema zaharra askoz ere eraginkorragoa da berria baino. "Hala ere, zaharrean, liztor beltzaz gain, beste intsektu asko ere hiltzen dira. Berrian, ordea, intsektu asko sar daitezke, baina barruan geratzen den bakarra liztor beltza da. Horrenbestez, nahiz eta hain eraginkorra ez izan, oso selektiboa da eta horri garrantzia eman behar diogu. Egun, ekosistema babesteko ahalegina egin behar dugu, eta, hain zuzen, helburu hori lortzeko ari gara liztor beltzaren kontra, gainontzeko intsektuen harrapakari handiena da eta. Liztor beltzak ekosistemaren oreka hausten du, eta horregatik harrapatu behar dugu. Baina, tranpa zaharrak intsektu asko ere hiltzen dituenez, kasu horretan, gaitza baino okerragoa da sendagaia. Guk geuk ere ekosistemaren oreka apurtzen dugu tranpak ipinita, eta, selektiboa ez bada, ez dugu helburua betetzen".

Urte osoan jartzeko aukera

Selektiboa izanda, gainera, aukera emango luke urte osoan jartzeko. "Orain arte erabili izan ditugun tranpak jartzeko, epe bat jartzen du Foru Aldundiak. Azken urteetan, martxoaren 1etik apirilaren 30era izan da epe hori. Garai horretatik aurrera, diotenez, gainontzeko intsektuak gehiago hiltzen dira liztor beltzak baino, eta horregatik ez dute uzten erabiltzen. Hori hala bada, sistema berria urte osoan erabili daiteke, ez baitie beste intsektuei kalterik egiten. Lan gehiago eskatzen du eta tranpa kopurua altuagoa izan beharko da kantitate bera harrapatzeko, ez baita hain eraginkorra, baina merezi du", bukatu du Herrartek.

Jazarpen handia egiten dio erleari

Erleak dira liztor beltzaren biktima nagusiak. "Sasoi honetan ez dago arazorik. Izan ere, udaberrian irteten dira erregina berriak eta kolonia berriak egiten hasten dira. Habi txikietatik hasten dira, arrautzak ipini eta kolonia berriak sortzen. Gero, abuztutik aurrera, kolonia handiagoa denean, hor hasten da erleekiko jazarpen handia. Kontuan hartu behar dugu liztor beltza ez dela haragijalea, baina larbak bai. Liztorrek erleak harrapatzen dituzte larbei jaten emateko. Larbek proteinak behar dituzte eta haien dietako %60-70 inguru erleak dira. Beraz, erlauntz batengan izugarrizko jazarpena egiten du. Erle asko hiltzen dituzte liztorrek baina beste asko estresagatik hiltzen dira, gosez".

Beraz, "ezinbestekoa" da liztor beltza kontrolatzea, erleari egiten dion kalteagatik. "Erleari ez diogu ematen daukan garrantzia. Polinitzaile handienetakoa da erlea eta espezie jakinetako loreak bakarrik polinizatzen ditu. Hori beste intsektu batzuek ez dute egiten. Erleak bi kilometroko erradioan mugitzen dira eta erradio horretako landareen polinizazioa bakarrik bermatzen du. Erle faltak dakarrena da, polinizazioari dagokionez, desertu moduko batzuk sortzea eta zenbait zonaldetako landareak polinizatu gabe geratzea. Beraz, landareak makalago eta zaurgarriago bilakatzen dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak