Zilarrezko domina Malen Ruiz de Azuarendako Europakoan

Xabier Urtzelai 2021ko mai. 29a, 16:45

Malen Ruiz de Azuak zilarra jantzi du Espainiako selekzio absolutuarekin egindako debutean. 4,35eko marka egin du arrasatearrak Polonian, gehienez lau nulu egin zitezkeen txapelketan. Ez da Ruiz de Azuaren markarik onena, baina postua ederra da: "Ezin zaio gehiago eskatu, 4,45ekoa oso-oso gertu izan du", adierazi dio GOIENAri Jonathan Perez entrenatzaileak. "Oso txapelketa ona egin du, ikusgarri ibili da". 

Bigarren postuan sailkatu da Malen Ruiz de Azua Polonian egiten dabiltzan selekzioen arteko Europako Txapelketan. Italiako Roberta Bruni zen faboritoa, eta 4,70eko marka onena daukan atletak ez du hutsik egin, 4,45eko saltoa egiteko gauza izan da nulurik egin barik. Hain zuzen, hor egon da txapelketako gakoetako bat, ez da ohiko formatudun txapelketa izan. "Telebistarako erakargarriago egiteko ezarri duten formatua da, eta estrategikoki ere erabat aldatzen da txapelketa".

Hala, formatu honetan gehienez lau nulu egin daitezke lan-saio osoan, "Eta pentsa, 3,90ekoarekin hasi da Malen konfiantza hartzeko asmoarekin, eta lehenengoan akatsa egin du", adierazi du barrez Perezek. "Normala da, urduritasunak, txapelketa hasiera dela...". Kontua da, baina, nulu bakoitzak zeresan handia zuela. 4,10ekoa ondo gainditu du arrasatearrak, eta 4,25ekoa eta 4,35ekoa bigarren saiakeran gainditu ditu. Hala, 4,45eko saltora iritsi denean ez zeukan nulu gehiago egiteko aukerarik, denak agortuta zituen, eta gutxigatik izan bada ere, ez du langa gainditzea lortu: "Pistan zegoen entrenatzailearekin egon berri naiz telefonoz, eta oso-oso gutxigatik ez duela lortu, oso gertu izan du. Marka hori egin izan balu txapelketa borobila izango litzateke, formatu honetan 4,45eko saltora iristea demasa litzateke baina 4,35ekoarekin bigarren sailkatu da, eta selekzioari puntu mordoa emango dizkio Malenek, orain arteko atleta onena izan da".

Ruiz de Azua, 4,35eko langa gainditu duen unean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak