Ozen entzun da Palestinaren aldeko aldarria

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mai. 27a, 19:51

Palestina aurrera! Konplizitatea eten lelopean eta 36 eragilek deituta, manifestazioa egin dute gaur Arrasaten. Arizmendiarrieta plazan hasi eta bukatu da protesta ekitaldia, Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako hainbat oihurekin.

Palestinan ematen ari diren gertakarien "larritasuna" ikusirik Arrasateko 36 eragilek deituta manifestazioa egin dute gaur Arizmendiarrieta plazatik abiatuta: "Zoritxarrez, eraso isolatu batzuen aurrean ez gaudela salatu nahi dugu, Israelen politika kolonialaren eta apartheid sistemaren logikan sartzen diren jarduera polizial eta militar batzuen aurrean baizik".

Diotenez, Jerusalemgo herritar palestinarrek "sistema arrazista eta kolonialari" aurre egin behar diote: "Egoera honetan Palestinarrak haien etxeetatik kanporatuak izaten jarraitzen dute eta poliziaren eta militarren presentzia itogarriak gutxieneko normaltasunarekin bizitzea eragozten die. Horren guztiaren atzean Palestinatik kanporatuak izateko helburua dago, Israelgo Estatuaren neurrira egindako Jerusalem bat lortzea bilatzen duena". 

Protestaren deitzaileak: "Bakea, lurra eta askatasuna aldarrikatzen duen palestinar herriaren kontrako biolentzia poliziala eta militarra, eguneroko ogia dira Palestinan".

Gaza, "munduko kontzentrazio eremu handiena"

Gaurko protestarekin bat egin duten eragileek salatu dute gaurko egunez Israelek lurralde palestinarrean "bere politika espantsionistarekin" jarraitzen duela: "Kolonien eraikuntza, Palestinako errekurtso naturalen lapurreta, Palestinako langile klaseak pairatzen duen diskriminazioa, Gaza munduko kontzentrazio eremu handiena bilakatzen duen etengabeko blokeo eta bonbardaketa, eta bakea, lurra eta askatasuna aldarrikatzen duen palestinar herriaren kontrako biolentzia poliziala eta militarra, eguneroko ogia dira Palestinar lurraldean".

Deia nazioarteko komunitateari

Nazioarteko komunitateari dei bat egin diote manifestazioaren deitzaileek: "Nazioarteko komunitateak ezin du beste aldera begiratzen jarraitu Israelek etengabe Nazio Batuen ebazpenei entzungor egiten eta palestinarrek giza eskubideak etengabe urratzen dituen bitartean. Palestinak bakean eta askatasunean etorkizun bat eraikitzeko eskubide osoa du eta hori gaur egun Israelek aplikatzen duen apartheid politikarekin bateraezina da".

Manifestazioaren osteko ekitaldia, Arizmendiarrieta plazan.

Israelen "gerra estrategia" albo batera uzteko eskaera

Israeli Palestinako biztanleriaren kontrako "jazarpena" amaitzea eta erregioan duen "gerra estrategia" bertan behera uztea exijitu dute: "Bake eta demokrazia egoera baten alde lan egiteko unea iritsi da, non Palestinaren okupazioari bukaera emango zaion, preso politikoak zein errefuxiatuak etxera itzuliko diren eta palestinarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzea bermatuko den, horrela, urte gehiegi irauten duen gatazka politikoari amaiera emanez. Palestinak nazioarteko elkartasuna behar duen momentu honetan Euskal Herriak bere elkartasuna adierazteko momentua dela uste dugu. Gure aldetik Palestinarren aldarrikapenak babesten eta Palestinan bake eta demokrazia agertoki bat egon dadin lanean jarraituko dugu".

Israelgo bandera bat erre zuten manifestazioa Maala kalera heltzean.

Honako 36 eragile hauek egin dute bat ekimenarekin:

 • AGAKO
 • Ahal Dugu/Podemos
 • AMS
 • Antikapitalistak 
 • Arrasateko Pentsionistak 
 • Askapena
 • Beste Bat! St Pauli Mondra
 • Bilgune Feminista
 • CCOO
 • EH Bildu
 • EHE
 • Ekin
 • Ekologistak Martxan
 • ELA
 • Emakumeen Mundu Martxa
 • ESK
 • Ezker Anitza-IU
 • Gure Esku
 • Herriok Harro
 • IMME
 • Jaiki
 • LAB
 • Neska* Gaztiak
 • Palestinar Komunitatea
 • PCE-EPK
 • Pottogorriak
 • Saharako Emakumeen Liga
 • Saharaldeba
 • Sare
 • Sortu
 • STEILAS
 • TTAK
 • Udalatx Bizirik
 • Unadikum
 • Sos Arrazakeria Debagoiena 
 • EreinDaJan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak