Europako Txapelketara, marka pertsonalaren bila

Hasier Larrea 2021ko mai. 27a, 18:27

Malen Ruiz de Azuak Espainiako selekzio absolutuarekin egingo du debuta zapatuan, Polonian (Chorzow). Zaragozan maiatz hasieran egin zuen marka pertsonala (4,47) ondu nahi du: "Eta Europako txapelketan bada, askoz hobeto".

Urteko hitzordu garrantzitsuetako bat izango du Malen Ruiz de Azuak zapatuan Polonian (Chorzow). Arrasatekoarendako ez da gauza berria Europako Txapelketara joatea, junior eta 23 urtez azpiko kategorietan Espainiako selekzioan izandakoa da, baina, oraingoan, kategoria absolutuan egingo du debuta. "Pertika-jauzilari bakarrarendako zegoen tokia eta banekien oso lehia estua izango nuela Europako Txapelketan egon ahal izateko. Zorionez, nik lortu dut plaza hori; horrenbestez, bai, urteko helburuetako bat bete dut", adierazi dio aste barruan GOIENAri, Poloniarantz abiatu aurretik.

Marka pertsonala egin berri

Arrasatekoa Zaragozan egindako 4,47ko markarekin aurkeztuko da Chorzowko hitzordura, badaki sasoi onean dagoela. "Duela aste gutxi marka pertsonala egin izanak erakusten du ondo nagoela. Gero, 4,51ko hainbat saiakera egin ditut, eta gertu izan dut helburua lortzea; begiz jota daukat marka hori, ederra izango litzateke Polonian lortzea!".

Europako zortzi pertika-jauzilari onenak batuko dira bihar Chorzow-n izango den proban

Hala ere, Ruiz de Azuak badaki ez dela helburu erraza izango. "Orain arteko akatsak lasterkako tartean egin ditut, bereziki, distantzia zaindu behar dut gehiago, eta Zaragozako txapelketan, esaterako, hori ez zen erraza, haizea zebilelako. Hori da zuzendu beharreko gauzetako bat, eta ondoren, airean nagoenean posturari dagokionez zuzenketa tekniko txikiren bat eginez gero, uste dut lor dezakedala marka hori egitea. Izan daiteke Polonian, bi aste barru edo auskalo, inoiz ere ez, halakoxea da-eta kirol hau".

Estrategiak ere garrantzia

Poloniako hitzorduan Europako zortzi atleta onenak batuko dira zapatuan pertikaren bueltan –arratsaldean izango dute txapelketa–: "Ibili naiz ikusten nortzuk egongo garen, eta dagoeneko badakit gutxi gorabehera non ibil naitekeen. Batzuen kontra lehiatu izan naiz, beste batzuk berriak dira niretzako, baina badakigu bakoitzak ze marka daukan".

Edozelan ere, oraingoan, estrategia ere garrantzitsua izango da. Izan ere, txapelketaren araudia ezberdina izango da Chorzown. "Normalean, marka bakoitzeko balio gabeko hiru ahalegin egin genitzake, hiru nulu, baina Polonian ez da hala izango, txapelketa osoan, guztira, balio gabeko lau salto egin ahal izango ditugu; horrenbestez, ondo kudeatu beharko ditugu nulu horiek, garrantzitsua izango da hori".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak