Bizilagunen iritzia kontuan har dezala eskatu dio EH Bilduk Gobernuari

Eneko Azurmendi 2021ko mai. 27a, 15:03

Prentsa agerraldia egin du oposizioko alderdiak eta, Laubide proiektuaren aldeko apustua berretsi du. Era berean, Garibai eta Jokin Zaitegiko bizilagunen iritzia kontuan har dezala eskatu dio Gobernuari, duela hiru hilabete egin moduan, moratoria bat exijituz. 

Martxoaren 16an, Garibaiko eta Jokin Zaitegiko jabeen erkidegoko batzar orokorra egin zuten, eta Ekobulebar-a izan zen puntuetako bat. "Inguruan lanak hasi zituzten eta guztien ahotan zebilen gaia. Horri lotuta, batzorde bat sortzeko beharra ikusi genuen eta, modu boluntarioan, hiru bizilagunek hartu genuen ardura hori", azaldu du Jose Angel Iturbe batzorde horretako kideak –Josean Ezkurra eta Paco Azpiazu dira beste biak–.

Udal Gobernuarekin bilera

Datu hauek jaso ostean, Udal Gobernuarekin bilera egin zuten apirilaren 29an. "Azpimarratu behar dugu oso harrera positiboa egin zigutela eta batzordeko hiru kideok ikusi genuena izan zen haien iritzia bat zetorrela komunitateak emandako iritziarekin. Hala ere, ofizialki ez dakigu oraindik Garibai oinezkoentzat izango den ala ez eta hori lehenbailehen jakin gurako genuke", nabarmendu du Iturbek.

Horri buruz galdetuta, Gobernuak soilik adierazi du Garibai etorbidea oinezkoentzat izatea teknikoki aztertzen ari dela.

Jose Angel Iturbe, Jokin Zaitegiko bizilaguna, inkestaren emaitzekin.

EH Bildu: "Non kokatuko dute behin-betiko geltokia?"

Ildo beretik, EH Bilduko bozeramaile Maider Morrasek adierazi du Ekobulebar proiektuaren baitan hainbat gai oraindik airean daudela. "Diseinuan agertzen ez bazen ere, 'behin behineko' izaeraz Zalduspeko geltokia eraikitzen ari da Udal Gobernua, herritarron harridurarako. Proiektuari erreparatuta, ordea, geltokia Garibaien kokatuko da. Hala, geltokia Ekobulebar-ak planteatzen duen tokian jartzea oztopo bilakatzen da, bertako bizilagunek eskatu duten moduan, etorbidea oinezkoentzat bilakatzeko. Datu, albiste eta informazio kontrajarrien testuinguru honetan, galdera argia da: Non kokatuko da behinbetiko autobus geltoki berria?".

Halaber, bizilagunen iritzia kontuan hartzeko eskatu dio Gobernuari eta, duela hiru hilabete egin moduan, orain ere moratoria bat exijitu dio. "Gainera, Laubide proiektuan, geltokia erdigunean kokatzen da, herritarren erosotasunerako eta garraio publikoa bultzatu asmoz, eta egon garen bizilagun gehienek ere geltokia erdigunean edukitzea gura dute, gertu".

Zalduspeko geltokiarekin jarraituz, autoentzako aparkaleku faltaren arazoa areagotuko dela uste du EH Bilduk. "Ospitale inguruko erabiltzaileen kexen ostean, beste aparkaleku berri bat eraikitzekotan da Gobernua, Txaetako etxeetan dagoen berdegune bakarraren gainean. Honek, ezinbestean zeharkako gastu gehigarriak eragingo dizkio Ekobulebar proiektuari. Zegokion momentuan eskatu genuen "putzuko etxeetan" solairu bat gehiago egitea zonalde horretan zegoen aparkaleku beharrari erantzuteko. Beharrik ez zegoela argudiatuta, Udal Gobernuak gure proposamena atzera bota zuen eta orain estrategia gabeko politiken ondorioak pairatzen ari gara".

Nafarroa etorbidean, "izugarrizko trafikoa"

Ekobulebar-ak ekarriko duen beste arazoetako bat, Morrasen esanetan, Nafarroa etorbideak jasango duen "izugarrizko trafikoa" da. "Ingurune horietan Juan Arzamendi Musika Etxea, haurrentzako Zaldibarreko parkea eta Kulturola daude, besteak beste. Trafikoaren birmoldaketa bat, hots, trafiko motordunentzat noranzko bakarreko errail bat Nafarroa etorbidetik jarri eta beste bat Zerrajerako etxeetatik planteatzea, zona horretarako irtenbide integral bat izan daitekeela deritzogu".

Birmoldaketa horrekin, Morrasen arabera, espazioa irabaziko litzateke aparkaleku gehiago egin eta bidegorri sare sendoago bati bide emateko. "Izan ere, Ekobulebar-ak ez dio erantzuten bidegorri sareari, zati solteak egiten dira, haien artean elkartzen ez direnak, eta hori ezin da horrela izan", gaineratu du.

"Laubide proiektua da alternatiba"

EH Bilduk, "jarrera eraikitzailearekin", ordezko proiektu bat daukala berretsi dio Gobernuari, "lankidetzan aritu asmoz eta herritarren interesak erdigunean jarriz". Izan ere, uste dute bizilagunen interesak erdigunean jarrita, irtenbideak eskaintzen dizkiela Arrasateko zonalde honek mugikortasunaren gaian gaur egun dituen erronka nagusiei eta Laubide proiektuaren ardatz nagusiak gogora ekarri dituzte: 

  • Garibai etorbide osoa oinezkoentzako geldituko litzateke, dagozkien garajeen sarrera-irteerak bermatuz.
  • Iturbide egoitza parean espazioa zabal bat egokituko litzateke berdegune zabal baterako aukerak zabalduz.
  • Autobus geltokia erdigunean kokatzen da, herritarren erosotasunerako eta garraio publikoa bultzatu asmoz. Geltoki honek ahalik eta zerbitzu gehienak edukitzea aurreikusten da, hala nola, jan eta edateko zerbitzua eta busen ordutegiak kontrolatzeko panel informatibo digitalak izatea, besteak beste. Ez da baztertzen lur-azpiko bus geltoki baten aukera, bizilagunekin egon ostean aukera hau guztiz zabalik gelditzen da. Horretarako ezinbestekoa ikusten dugu gaur egun Udal Gobernua osatzen duten kideekin elkarlanean, Arrasateko etorkizuna finkatuko duen azpiegitura garrantzitsu honen bideragarritasun ekonomikoa elkarrekin lantzea.
  • Nafarroa etorbidea pertsonentzat ireki eta ibilgailuen joan etorria erdira murriztuko litzateke.
  • Biteriko haur parkea Grupo San Juaneraino zabalduko litzateke, auzune hau erdigunera "hurbilduz" eta egun daukan arkitektura mantenduz, bertako bizilagunek eskatu bezala. Bestalde, saneamendua konpondu behar da. Ezin dira obra berriak hasi zaharrak gaizki daudenean.
  • Laubide proiektuak bidegorri sendo bat planteatzen du herrian oinezkoek eta ibilgailu ez-motordunek bere espazioak berreskuratu ditzaten.

Eskerrak bizilagunei

Azkenik, EH Bildu balioa eman dio Laubide proiektua hasi zutenetik gaur egun arte proiektuaren "lanketa sakonean" parte hartu duten bizilagun guztien ahalegina eta denborari eta eskerrak eman gura izan dizkie Villa Amparoko, Jokin Zaitegiko, Kontzeziñoko, Grupo San Juaneko, Zerrajerako, Gelmako eta Nafarroa etorbideko bizilagunei, bileretan parte hartzeagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak