Aurreko agintaldian, Musakolako kiroldegia berritzeko aurreproiektua prest utzi zuen Udal Gobernuak, eta orain, herritarrekin landu gura du herriko kirol instalazioen mapa. Maria Ubarretxena alkateak dio helburua dela herriko kirol azpiegituren mapa partekatua sortzea "herriko kluben ordezkariekin, erabiltzaileekin zein herritarrekin".
Sortutako maparen baitan, egungo azpiegituren eta horien berritzearen gaineko diagnosi partekatua sortu gura dute eta, "lehentasunez", berritze lanak aurrera eramateko hurrenkera adostu. "Talde posizioaren eta kontsentsuaren arabera, kirol zerbitzuen planifikazioa eta horien ezaugarriak landu eta adostuko ditugu; hala sortuko da kirol zerbitzuak berritzeko proposamena".
Bost fase izango ditu prozesuak
Parte-hartze prozesua bost fasetan egingo dute eta Ander Garay Kirol zinegotziaren esanetan, herritar orori zuzendutako prozesua izango da.
Lehenengo fasean, diseinua eta egitura sortuko dituzte, lau lantalderekin. Hau da, batetik jarraipenerako bi talde eragile egongo dira, kirol batzordeko ordezkari politikoak eta sail ezberdinetako teknikariek osatuko dutena eta, bestetik, deliberaziorako beste bi talde egongo dira, klubetako ordezkariak eta erabiltzaileak eta herritarrak. Azken talde hau hamabi pertsonak osatuko dute. "Horietako bost izango dira gune bakoitzeko erabiltzaileak eta gainontzeko zazpiak ausaz aukeratuko dituzte, erroldaren arabera. Aurrera begira, deliberazioko bi talde horiek sortuko dituzte beharrezkoak diren euskarriak", azaldu du Garayk.
Bigarrenean, diagnosia sortzeko erabakia zehaztuko dute; hau da, interbentzio beharra duten kirol azpiegituren mapa eta diagnosia egin, lehenetsitako interbentzioen ezaugarriak zehaztu, diru aukeren eta mugen gaineko hausnarketa egin eta interbentzioen hurrenkera finkatu.
Hirugarren fasean, ordura arte egindakoaren kontrastea egingo dute, herritarrekin zein haurren kontseiluarekin, bost egunez herriko hainbat gunetan egingo dituzten bilera irekien bitartez.
Ondorengo fasean, herritarren ekarpenak eta balorazioak jaso eta aukera berriak aztertuko dituzte.
Eta bosgarren eta azken fasean, emaitzen dokumentazioa egingo dute.
Mapa osatzeko prozesua ekainean hasiko dute eta 2022ko otsailean bukatzea da asmoa.
Instalazioak, "zaharkituta"
2017an 40 urte bete zituen Musakolako kiroldegiak, eta, hain zuzen, orduan ekin zion Gobernuak herriko kirol instalazioen azterketari, Musakolako zein Iturripeko kiroldegien eraberritzea helburu hartuta. "Zaharkituta ditugu azpiegiturak, eta txiki geratu dira. Adin guztietarako egokitutako kirol instalazio jasangarriak eta irisgarriak behar ditugu, arrasatearren beharretara era errealean eta etorkizuna aintzakotzat hartuz egokitutako azpiegiturekin".
2018ko lehen seihilekoan egin zuten herriko kirol instalazioen gaineko parte-hartze prozesuaren lehen fasea, eta, era berean, Arrasateko 2019-2029 Kirolaren Plan Estrategikoaren baitan, herritarrekin eta eragileekin egindako prozesuan, kiroldegi berri bat beharrezkoa zela ikusi zuten, "gaur egungoaren aldean, azpiegitura gehiagorekin".
"Behar estrategikoa da"
Alkateak dio "ausardiaz" ekingo diotela herriak duen behar estrategiko horri. "Herritarrentzako instalazioak dira, eta garrantzitsua bezain aberasgarria da parte aktibo izatea. Egin genuen, ari gara eta elkarlanean gauzatuko dugu. Herritarrekin jorratu nahi dugu Arrasateko kirolaren etorkizuna".
Gobernuak nabarmendu du epe luzeko inbertsio plana dela, "hurrengo Udal Gobernuak ere konprometituko dituena". Hori dela eta, "era partekatuan" landu gura dute, "ordezkari politikoen, herritarren zein eragileen artean". Hamar urteko inbertsio plana du buruan Gobernuak, "parte-hartze prozesuan zehazten den proiektuaren arabera egokituko dena".
Beharrizan estrategiko bat izanik, gaia ika-mika politikotik ateratzen saiatu direla azaldu du Maria Ubarretxena alkateak eta barne lanketa bat egiten saiatu direla talde politiko guztien artean, "epe luzeko begiradarekin eta arduraz" jokatuz. "Guretako hau ez da EAJren eta alderdi sozialistaren proiektu bat, Arrasatek daukan behar estruktural bat baizik", gaineratu du.
Hori aintzat hartuta, lanketa espezializatu bat egitea eskatu zioten bitartekaritza politikoan aditua den enpresa bati, talde politikoen arteko barne lanketa bat egiteko eta prozesua herrira zabaldu aurretik, udaletxe barruan gutxieneko adostasun batzuk lortzeko asmoz. "2021eko urtarrilean hasi ginen lanketa honekin eta bost fase aurreikusten ziren arren, lehen fasearen amaieran ezin izan genuen aurrera egin, EH Bilduk ezezkoa eman ziolako lanketari, ez zegoelako prest lanketa egiteko ere. Pena bat izan da, baina ezin dugu gehiago itxaron eta aurrera egingo dugu, oso gai garrantzitsua delako", azpimarratu du alkateak.
EH Bilduren balorazioa, informazioa aztertu ostean
EH Bilduk azpimarratu du atzo jaso zuela informazioa, eta Udal Gobernuaren planteamendua ondo aztertu ostean emango dutela haiek egiten duten irakurketaren berri.