Hamahiru kirol klubek hartu dute parte ekainean, eta orain instalazioetako erabiltzaile-taldearekin eta herritar-taldearekin batuko dira udal ordezkariak.
Kirol instalazioetako erabiltzaile guztien artean "ausaz" aukeratutako zortzi pertsonak osatzen dute erabiltzaile-taldea. "Musakola kiroldegiko instalazioen erabiltzaileak lau dira, Iturripeko erabiltzaileak bi eta Uarkapeko erabiltzaileak bi", azaldu dute Gobernutik.
Herritarren taldeari dagokionez, hamar pertsonak osatzen dute, sei emakumek eta lau gizonek, sexuaren, adinaren eta ausazko eremuen arabera hautatuak udal erroldaren bidez. "Talde horiekin batera, udal mailan, udal teknikarien lantaldea eta Kirol Batzordean dagoen udal ordezkarien taldea ere martxan daude".
Era berean, horiek guztiak, batera, deliberazio-taldeko kide dira eta talde horrek irailaren 14an ekingo dio bere ibilbideari. "Hiru lansaioren bidez, egungo kirol azpiegituren diagnostikoa egingo du eta esku hartzeko beharrak antzemango ditu. Gainera, urriaren amaieran eta azaroaren hasieran, karpa bat jarriko dute kalean bost egunez, herritarrek beren iritziak utzi eta ekarpenak egin ditzaten".