Maria Jose Gil, 80 urterekin urrezko dominak pilatzen

Xabier Urtzelai 2021ko mai. 20a, 17:02

Domekan master kategoriako Euskadiko Atletismo Txapelketa jokatu zuten Durangon eta Maria Jose Gil arrasatearra izan zen bere kategoriako onena. Eta ze kategoria den hori, izan ere, gauza bat da beteranoetan lehiatzea. Eta beste gauza bat da 80 urterekin urrezko dominak pilatzen jarraitzea.

Ez hori bakarrik, Espainiako errekorra gainditu zuen bai 800 metroko proban, eta baita 1.500ekoan ere. 800 metroko lasterketa 4 minutu eta 15 segundoan egin zuen, eta 1.500ekoa, berriz, 8 minutu 25 segundoan. Ez zuen berehalakoan sinistu Espainiako bi errekor horiek ondu zituenik.

Txapelketa mordoa eskuratu dituen lasterkaria

Arrasatearra berandu hasi zen atletismoan. Egun pistan lehiatzen bada ere, krosak maite izan ditu beti. Berak ere ez daki zenbatetan izan den Euskadiko edo Espainiako txapeldun. Europako eta Munduko Kopako txapeldun ere izan da, beterano mailan beti. 57 urterekin egin zuen lehengo maratoia, Donostian. 1993a zen eta Munduko Kopa antolatu zuten Gipuzkoako hiriburuan. Bada, arrasatearrak urrea jantzi zuen bere kategorian, nahiz eta marka onena hurrengo urtean egin zuen, 58 urterekin 3 ordu eta 30 minututan geratu zuen erlojua.

Minbizia eta koronabirusa pasatuta

Ibilbide horretan, baina, zenbait traba gainditu behar izan ditu. Duela gutxi koronabirusa pasa du, eta aitortu digu ez duela erabat gainditu, albo kalteren bat utzi diola, buruko-mina tarteka, jateko gogo eza…

Baina, 2007an eskuin hankan izandako tumoreak ez bazuen geldiarazi, ezta handik bost urtera, 2012an izandako bularreko minbiziak ere, jai dauka COVID-19ak. 2012an, bularreko minbizitik errekuperatzen ari zela korrika egiten jarraitu bai, baina lehiatzeari uzteko erabakia hartu zuen. Eta halaxe adierazi zion Arrasateko Atletiko taldeko ordezkari Fernando Zufiriari. Ez zioten halakorik egiten utzi, konturatu orduko, Durangoko beteranoen taldean zegoen.

Etxetik irteteko deia

Arrasateko atletak garbi dauka zein den 80 urterekin horren ondo egoteko errezeta, eta mezu hori helarazi nahi die helduei, irten daitezela etxetik, ibiltzera ez bada ere. Berak, esaterako, ia egunero entrenatzen du. 

Korrika egiten jarraitzeko gogoz dago arrasatearra, ekainean Malagan izango duen Espainiako txapelketarako sasoi onean, eta umoretsu gainera. Izan ere, geratzen bada, badaki zer daukan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak