Lie Detectors taldeak hasiko du etzi domeketako Kooltur Ekintza

Hasier Larrea 2021ko mai. 14a, 11:39

Hiru kontzertu eskainiko dituzte maiatzean, domeka eguerdietan. Lehenengo emanaldirako sarrerak agortu dira jadanik. Formatua "egoerara moldatzeko" aldatu dutela adierazi dute antolatzaileek.

Koolturrekoek ostegun gauetan antolatu izan dituzte 10 urteko ibilbidean zehar kultura emanaldiak gaztetxean, eta, pandemiak hala behartuta, domeka eguerdietarako antolatzera pasa dira orain: "Urrian ekin genion sasoi berriari, baina bertan behera utzi behar izan genuen; hala ere, denboraldia amaitu aurretik zerbait egin nahi genuela argi geneukan, eta horratx emaitza", dio Iker Barandiaran elkarteko kideak. Aste barruan egitea "zaila" izango zela iritzita, asteburuak "aukera aproposak" zirela ikusi zuten kultura eskaintza berriz martxan jartzeko, eta AGAKOrekin domeka eguerdietan egitea adostu zuten. Etzi Lie Detectors, eta hurrengo domeketan Habi & Etxekalte eta Rukula taldeak igoko dira oholtzara. Kontzertu bakoitza 13:00etan hasiko da, eta sarrerak kooltursarrerak@gmail.com-era idatzita eskatu beharko dira, zazpi eurotan. Lehenengo emanaldikoak agortu dira jada: "Ikusleei eskatu diegu 12:45ean agertzeko, eta ezin badute etorri, mesedez abisatzeko".

Hasteko, "rock freskoa"

Udazkenean zen etortzekoa Donostiako Lie Detectors boskotea. Kooltur eta gaztetxea ondo ezagutzen duten musikariak dira, NCC eta Plan B bandetatik pasatakoak batzuk. Orain arte, singleak eta LP bat kaleratu dituzte, eta, Barandiaranen hitzetan, "freskotasuna eman diote eszenari, umore kutsuko garage estiloa landuta". Ekaineko lehen ostegunerako "emanaldi berezia" antolatuko dutela ere aurreratu du Iker Barandiaranek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak