2022ko lehen seihilekorako zuntz optikoa instalatuta egongo da alde zaharrean

Eneko Azurmendi 2021ko mai. 6a, 12:00

Prentsa agerraldi baten bitartez eman dituzte alde zaharrean zuntz optikoa jartzeari buruzko xehetasunak Udal Gobernuak eta MasMovil operadoreak. Lur azpitik egingo dute instalazioa eta Udalak 100.000 euro inbertituko ditu lan horiek egin ahal izateko.

Arrasateko alde zaharrean azken urte luzeetan egon izan den arazo nagusietako batek gertu dauka irtenbidea. Hala adierazi du, behintzat, Maria Ubarretxena alkateak, asteon egin duten prentsa agerraldian. "Zuntz optikoa alde zaharrean jartzeko lanean aritu gara eta horretan dihardugu oraindik ere, badakigulako ze garrantzitsua den edonorentzat zuntza edukitzea gaur egun. Hainbat enpresarekin egon gara harremanetan, Euskaltel, Vodafone, Telefonica eta MasMovil, besteak beste, eta azken horren baiezkoa jaso dugu azkenean", nabarmendu du.

Hori dela eta, azpiegituraren instalazioak laster hasiko dituzte, lur azpitik. "Operadoreak zuntza normaltasun osoz sartuko du alde zaharrean, edozein etxebizitzatan izango balitz bezala, eta alde zaharra izateagatik dakarren gainkostua Udalak hartuko du bere gain: 100.000 euro", azaldu du alkateak.

Gainontzeko gastuak operadoreak ordainduko ditu, hau da, kableak, konexio-kaxak eta abar. "150.000 euro inguruko inbertsioa egingo dugu, alde zaharrean dauden 1.000 etxebizitza eta negozioentzako", azaldu du Juan Marco instalazio arduradunak.

Lehenik, bizilagunen baimenak

Lan horiek egin ahal izateko, ordea, bizilagunen baimena behar dute, zuntza atarietan sartu beharko dutelako. "Baimenak ahalik eta azkarren behar ditugu, obra lehenbailehen hasi ahal izateko. Bixente Etxeberria alde zaharreko alkateak bideratuko du bizilagunei informazioa hedatzea eta Zuntza2021 plataformari ere eskerrak eman gura dizkiogu informazioa bizilagunei helarazteko emandako laguntzagatik", dio alkateak. Egunotan, beraz, bando batzuk jartzen hasi dira atarietan eta, baimenak buzoietan banatzen.

Alde zaharra, sei zonaldetan

Alde zaharra sei zatitan banatu dute instalazioa egiteko, eta Iturriotz kaleko goiko zatian hasiko dira lanekin. "Horretarako 45.000 euro gastatuko ditu Udalak", azaldu du alkateak.

Bigarren zatia ere aztertu dute, Maalako errebala, eta hori landu ostean, hurrengoak segidan egin gura dituzte. "Horregatik da garrantzitsua bizilagun guztien baimenak edukitzea. Azken batean, ordena ez dago guztiz itxita eta baimenek markatuko dute lehentasuna, behin zona bat bukatutakoan, besteekin hasteko", adierazi du Juan Antonio Urdangarin hirigintza saileko teknikari buruak.

Epeei dagokienez, dagoeneko lanak hasteko moduan daudela aitortu du Urdangarinek. "Lehenengo eta behin, buzoi guztietan banatuko dira baimenak eta 15 eguneko epean bizilagun guztiei iritsiko zaizkie. Beraz, ordutik aurrera, baimenak lortu ahala etorriko dira kontratistak".

"Diferentzia nabarmena"

Guuk operadoreko kide Juanan Goñik azpimarratu du, behin zuntz optikoa jarritakoan, bizilagunek "benetako konexioa" nabarituko dutela eta, era berean, ilusioa egiten diela teknologia hau negozioetara ere eramateak –MasMovileko marka komertzialaren parte da Guuk–. "Diferentzia nabarmena igarriko dute bizilagunek. Eguneroko lanak eta prozesuak, telelanarekin lotutakoak, asko hobetuko zaizkie", gaineratu du.

Halaber, Jose Pozak, MasMovil enpresako sortzaileak, Udal Gobernuaren prestutasunari eman dio balioa eta gaineratu du haien proposamena ez dela bakarra izango. "Bizilagunek izango dute aukera beste operadore batzuk kontratatzeko ere".

Hainbat zailtasun tekniko

Alderdi teknikoari erreparatuta, Juan Marco instalazio arduradunak azaldu du haien helburua dela bizilagun eta negozio guztiek zuntza aprobetxatzeko aukera izatea eta horretarako oinarri tekniko guztiak finkatu dituztela. Dena den, onartu du alde zaharrak hainbat zailtasun dituela. "Arrasateko gainontzeko guneetan jartzen aritu izan gara, baina alde zaharrak baldintza bereziak ditu eta, ondorioz, konplexuagoa da instalakuntza, baldintza horiengatik eta baita etxebizitzek dituzten antzinako egiturarengatik ere".

Alde zaharra monumentu historiko gisa izendatuta dauka Jaurlaritzak eta baldintza jakin batzuk bete behar izaten dituzte halako lanek, kasu honetan, azpiegitura guztiak lurpetik joan behar izatea. "Hori izan da hemen beti eduki izan dugun arazoa eta orain arte ez dugu lortu operadorerik, arrazoi horregatik", azaldu du Ubarretxenak.

Halere, badirudi zailtasun horiek gainditu dituztela eta, aurreikuspenaren arabera, 2022ko lehen seihilekorako zuntz optikoaren instalazioa bukatuta izango dute alde zaharrean.

EH Bildu: "Beti azkenak gara enteratzen"

EH Bilduk begi onez ikusi du albistea, baina Udal Gobernuari leporatu dio prentsa lehenetsi izana. "Beti azkenak gara enteratzen. Barne lanketa baino garrantzitsuagoa da argazkia Gobernuarentzat. Gai asko prentsara bideratzen dituzte lehenengo eta gero pasatzen dira batzordetik. Horrek izugarrizko babesgabetasuna sortzen digu eta profesionaltasun falta erakusten du, gainera. Guk ez dugu babesten lan egiteko modu hori", adierazi du Maider Morras bozeramaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak