Ezohiko ordutegian (11:30) eta publikorik gabe jokatu den partiduan, nahiko lehia parekatua izan da Mondraren eta Urolaren artean. Erritmoari eta bizitasunari dagokionez, igarri da bi taldeek ezer gutxi zutela jokoan eta ez da kasualitatea multzoko azken bi sailkatu moduan bukatuko dutela lehen fasea –Urola zazpigarren eta Mondra zortzigarren–.
Mondraren akats larri batek desorekatu du balantza bigarren zatiaren hasieran. Inongo arriskurik gabe jokaldi bat izango zela ematen zuena bihurtu da partiduko garrantzitsuena: Urolako erdilari batek baloia luze eta loratuta bota du eta atezainak erraz hartzekoa zen baloiak ihes egin eta egoera aprobetxatu du Urolako aurrelariak buruz gola egiteko. Atezain bati min handia egiten dioten akatsak dira, baina hori ere bada futbola.
Penaltia eskatu dute
Kolpea jaso ostean Mondra saiatu da altxatzen eta pixkanaka gorantz egin du. Ander Romero entrenatzailea saiatu da aurrealdean freskotasuna sartzean, hala nola, Josu Arizmendiarrieta aurrelaria zelairatuta, baina aukera garbirik ez dute sortu. Aipatzeko jokaldien artean, Xabier Arrizabalagari egin ahal izan dioten penaltia aipatu beharra dago; epaileak, baina, ez du adierazi.
Hortik aurrera Mondrak izan du baloia eta saiatu da joko erabat zuzena egin gabe hegaletatik sartzen baina ez dute apenas arriskurik sortu. Urolak eraman ditu hiru puntuak Mojategitik, ezer berezirik egin gabe.
Esandako moduan, talde arrasatearrak bere multzoko azken postuan bukatu du lehen fasea eta astelehenean ziurtatuko diete kopagatik lehiatu ahal izateko kanporaketa bat jokatu beharko duten lehenago.
Azkarate: "Detaile tonto baten joan zaigu partidua"
Mondrako kapitain Aitor Azkarate Aiti-k onartu du partidu "nahiko eskasa" egin dutela: "Detaile tonto baten joan zaigu partidua. Gorantz egin dugu baino oso atzean sartu dira eta egia da ez dugula apenas aukerarik sortu. Penalti bat ez digute adierazi...".
Lehen fasearen balorazioa eskatuta, honako hau erantzun du Azkaratek: "Nahiko ondo hasi ginen baina gero UDAren eta Mutrikuren kontrako partiduek kolpea suposatu zuten guretzat. Entrenatzaile aldaketa ere izan genuen eta azken partiduetan saiatu gara beste planteamendu batzuekin eta jokalari gazteekin jokatzen... Orain, kopa izan dadila bereziki hurrengo urterako aurre-denboraldia"