"Adostutakoa betetzeko" eskatu diote ostalariek Arrasateko Udalari

Oihana Elortza 2021ko api. 25a, 10:21

Terrazarik jarri ezin duten Arrasateko tabernariek, terraza handi bat jarri zuten atzo eguerdian Seber Altuben. Iluntzean manifestazioa egin zuten herriko kaleetan zehar ostalariek deituta, bizi duten egoera zein den adierazteko eta Arrasateko Udalari "adostutakoa betetzeko" eskatzeko.

Manifestazioa egin zuten zapatu iluntzean Arrasaten bertako ostalariek deituta. "Bete zuen hitza eta hasi ekintza" irakur zitekeen pankartaren atzean joan ziren herritarrak. Izan ere, jasotako laguntza zuzenengatik eskertuta badaude ere, laguntza gehiago behar dituztela aldarrikatu zuten, eta "adostutakoa betetzeko" eskatu Arrasateko Udalari, "ez duelako adostutako ezer bete". Ostalarien egoera mugara iritsita dagoela diote eta zaila zaiela egoera honetan aurrera jarraitzea. 

Adibidez, Arrasaten, 10-11 taberna daude terrazarik jarri ezin dutenak, eta zapatu eguerdian, terraza erraldoi bat muntatu zuten Seber Altube plazan, segurtasun neurriak hartuta, ostalarien esanetan, eta giro "polita" egon zela diote. Gaineratu dute herritarren babesa sentitzen dutela.

Udalak, bere aldetik, lehen esandakoari eusten dio, Arrasate, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen arabera, 20.000 biztanletik gorako herrien artean laguntza zuzen gehien bideratu dituen bigarren udalerria dela. Dio, guztira, 201.600 euroko inbertsioa egin dela ostalaritzan, laguntza zuzenetan, pandemia hasi zenetik. Zuzeneko laguntzez gain, hainbat neurri hartu eta beste hainbat dirulaguntza eskaini dituela ere nabarmendu du, "hala nola, uraren, zaborraren eta terrazen tasetan hobariak, terrazetan inbertitzeko laguntzak, babes-neurrietarako laguntzak eta 2020ko maiatzean eta irailean egindako kontsumo-bonuen kanpainak". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak