Musikaldiaren bigarren astea, etxekoekin batera

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko api. 23a, 14:17

Arrasate Musikaleko orkestrak eskainiko du udaberriko musika jaialdiaren laugarren kontzertua, gaur, egubakoitza, arratsaldean, San Frantzisko elizan; bihar, Azul hirukotearen txanda izango da; eta domekan, KUP abesbatzak borobilduko du bi asteko egitaraua. Arrasate Musikaleko irakasle Edorta Aiastui gonbidatu dute gaurko, egubakoitza, Igo Autobusera! saiora.

Arrasate Musikaleko orkestra haize, hari eta perkusio instrumentuz osatutako orkestra sinfonikoa bada ere, bertako musikariek ezin izan dute osotasunean jardun, pandemiagatik, eta hari instrumentua darabiltenek baino ez dute talde bezala agerraldia aurkezteko aukera eduki. Arrazoien artean, "guztiek batera protokoloa betez entseatzeko toki falta eta maskararen derrigorrezko erabilera" aipatu ditu elkarteko kide Edorta Ayastuik. Hala ere, garaiotan kontzertua eskaini ahal izatea "berri pozgarria" dela nabarmendu nahi izan du, zuzenekorik gabe musikariei "motibazio falta" nabari zaielako iritzita. Gainera, entseguetan ez dute etenaldirik izan, eta praktika falta, beraz, ez da aitzakia izango.

Joan den abenduan bezala, gaur arratsaldean ere San Frantzisko elizako ohiko isiltasuna biolin, biola, kontrabaxu eta biolontxelo doinuz beteko du herriko musika eskolako orkestrak: "Abesti klasikoak eta garaikideak aukeratu dituzte, pasodobleetatik hasi eta film ezagunen soinu bandetaraino", dio Ayastuik. Musika tresna jakin horiekin bakarrik jotzeak zailtasunen bat edo beste sorrarazi diela ere aitortu du: "Batez ere, interpretatzeko materiala aurkitzeko orduan".

Oztopoak oztopo, errepertorio txukuna osatzeko gai izan dira, beste behin. Iker Olazabalen zuzendaritzapean, Antonio Vivaldiren concerto bat, Georges Bizeten habanera bat eta Isaac Albenizen tango bat eskainiko dituzte, besteak beste.

Kolaborazioak, "ohikoak"

Euren kontzertu propioak emateaz gain, urtero zarzuelarekin eta azkenaldian Humanity at music sinfonia kooperatiboarekin elkarlanak egiten ditu Arrasate Musikaleko orkestrak. Fernando Velazquez zuzendari entzutetsuaren esanetara, sei kontzertu eskaini dituzte, Mondragon kooperatibaren balioak musika-notekin jantziz.

Bihar, Azul hirukotea

Musikene eskolako harrobian zaildutako Azul izeneko taldeak hartuko dio hari orkestrari testigua Musikaldiaren hurrengo egunean. Kontzertu hori Kulturaten izango da, eta gerturatzen denak Jaume Sansen flautaren, Nere Azconaren harparen eta Iker Isasiren biolaren arteko sinkroniaz gozatzeko aukera izango du. Begi bistakoa da harribitxi ugari ateratzen direla azkenaldian Musikenetik, udaberriko jaialdiaren joan den asteko programan Aris hirukotearekin frogatu zen bezala.

Eta amaitzeko, KUP

Sei emanaldiko egitaraua ixteaz arduratuko da, domeka arratsaldean, duela 15 urte baino gehiago Tolosan sortutako KUP abesbatza. Gabriel Baltes zuzendari frantziarraren gidaritzapean, 35-40 abeslari inguruk osatzen dute KUP; tartean, Aitor Biain, Gora Aranburu eta Amaia Igartua oñatiarrek eta Carlos Etxaniz eta Aitor Garitano bergararrek. Azken horrek zehaztu du "musika korala" egiten dutela, "antzinako kantak eta erromantizismokoak" uztartuz. Aurrerapen modura, Gabriel Faurek konposatutako Requiem interpretatuko dutela adierazi du Garitanok.

Sarrerak, sarean

Aurreko hiru kontzertuekin gertatu bezala, oraingo honetan ere Arrasateko Udalaren webgunean eskuratu ahalko dira emanaldietara joateko sarrerak. San Frantziskoko bi kontzertuek, gaurkoak eta domekakoak, bost euro balioko dute, eta bihar Kulturaten eskainiko dena, berriz, doakoa izango da. Hitzordu guztiak arratsaldeko zazpietan dira hastekoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak