Likidazioaren soberakinak eta ordenantza fiskalen aldaketa, eztabaidaren erdigunean

Eneko Azurmendi 2021ko api. 16a, 15:11

Bi gai horiek izan dira gaurko ezohiko osoko bilkuran tirabira gehien sortu dituzten gaiak. Horrez gain, otsoen baitako bi mozio landu ditu udalbatzak –bata onartu dute eta bestea ez– eta Elkarrekin Arrasatek gai berari buruz aurkeztu duen mozioa erretiratu egin du, gaia "sakon" lantzeko aukera suertatu zaielako Uluak taldearekin. Azkenik, Musakolako eta Santa Marinako auzo-alkateak ere eduki dituzte berbagai.

2020 urteko ekitaldiko likidazioaren gerakinarekin kredituak aldatzeko espedientea onartu du gaurko saioan udalbatzak, EH Bilduren eta Elkarrekin Arrasateren kontrako botoekin. 

Anuska Ezkurra EAJren bozeramaileak hartu du berba lehenik, adieraziz 2020. urtea zaila izan zela apirilaz geroztik, osasun zein ekonomia krisi bat aurreikus zitekeela. "Planifikazioa eta lehenestea aipatzen genuen orduan ere. Bi milioi euro banatu gabe geratu ziren, urte zailari aurre egiteko gorde genituenak. Gastu murrizketa %20koa izateko planifikazioa egin genuen, sarreren jaitsiera izango genuela aurreikusita. Bestalde, Juan Arzamendi Musika Eskolara (JAME) bideratuta genuen 1.500.000 euro ere egoerari aurre egiteko erabili genituen. Errealitatea izan da, ordea, Foru Funtsetik diru gehiago jaso dugula eta defizitari aurre egiteko gai izan garela. Egoera finantziario on batean iritsi gara".

4,5 euroko soberakina izan arren, azaldu du bi milioi euro 2019tik datozenak direla eta 1,5 milioi, berriz, JAMEra bideratzea aurreikusten zirenak. "Beraz, soberakin erreala milioi batekoa izango litzateke". Gaineratu du, gaur-gaurkoz, udaletxeake ez duela zorrik eta ezta mailegurik ere. 

EH Bilduren bozeramaile Maider Morrasek erantzun dio Gobernuak bakarrik erabakitzen duela soberakinarekin zer egin, oposizioarekin negoziatu gabe. "Soberakin hori zergatik ez da guztion artean negoziatu? Elkarlanik ez dago, zuek gura duzuena egiten duzue. Gainera, zuntz optikoa jarriko balitz moduan saldu duzue, eta diru horrekin ez da nahikoa horretarako", adierazi du.

Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek, aldiz, Gobernuari leporatu dio 2019ko planifikazioa aldatu ez izana. "Jendeak kalean lo egiten jarraitzen du eta neguko aterpetxea irekitzeko asmorik ez duzue erakutsi. 2019ko planifikazioa ez duzue moldatzen eta herritarren aurretik jartzen dituzue zuen interesak".

Ordenantza fiskalen aldaketa

Pandemiaren eraginez, 2021ko ordenantza fiskaletan zerbitzuak eman eta jarduerak egiteagatiko eta udal jabari publikoaren erabilera pribatibo eta aprobetxamendu bereziagatiko tasetan aldaketak egitea onartu dute. Horren bitartez, esaterako, ostalari, jatetxe eta elkarte gastronomikoen urteko zabor tasan %50eko hobaria aplikatuko dela. Bestalde, bide publikoa mahaiak eta aulkiak jartzeko erabiltzeagatik, urteko baimena ematen zaien jarduera ekonomikoei ere %50eko hobaria aplikatuko zaie.

EH Bilduk aldeko botoa eman du, "ezohiko kasua denez, eta ostalariei eta gainontzeko sektoreei babesa emateko". Hala ere, Morrasek uste du ez dela abiapuntu ona prentsa bidez Udal Gobernuaren gestioa goraipatzea. "Harrokeria eta umiltasun falta handia erakusten du egin duzuenak". Gainera, Gobernuari leporatu dio tasak kobratu izana. "Ez duzue hitza bete".

Ezkurrak nabarmendu du lankidetzan jarraitzeko prestutasun osoa dutela eta elkarlana bultzatzeko ahalegin guztiak bideratuko dituztela. "Zuk ere badakizu batu garela haiekin, eta batzen jarratuko dugu, prestutasun osoa dugulako elkarlanerako".

Abuinek azaldu du askoz gehiago egin daitekeela, "tasa errentaren arabera kobratzea, adibidez, gehiago duenak gehiago ordaintzeko". Ondorioz, abstenitu egin da.

Otsoaren baitako mozioak; bat bai, bestea ez

Alde batetik, Enba euskal nekazarien batasunak eta EHNEk aurkeztutako mozioa landu dute, eta baita onartu ere (behean ikusgai). "EAJren aldetik, otsoari bai esaten diogu, espeziearen defentsari bai, baina kudeaketa kontrolatu batekin, bizikidetza desiragarri batekin. Abeltzaintza, nekazaritza eta artzaintza sindikatuetako ordezkariekin kontaktuan gaude eta koherentziaz, aldarrikapenekin bat egiten dugu. Beraz, baiezkoa emango dugu", dio Ezkurrak.

Abuinek, aldiz, otsoa babestea eta abeltzaintza bateragarriak izan daitezkeela azaldu du, gaineratuz alternatiba asko daudela elkarbizitza eredua bermatzeko. "Ez dago otsoak kontrolatzeko beharrik. Desagertzeko arriskuan daude". Hala, aurka bozkatu du.

Ondoren, Euskadiko otso taldeak aurkeztutako mozioa ere landu dute, baina Abuinek bakarrik bozkatu du alde. "Arrasateko Uluak animalista taldearekin bildu ondoren, gaia beste prespektiba batetik lantzeko aukera zabaldu zaigu eta horretan ariko gara datozen asteetan, gaia sakon aztertzeko". Hori dela eta, gaiaren harira aurkeztekoa zen mozioa erretiratu egin du Elkarrekin Arrasatek. EAJk aurkako botoa eman du eta EH Bildu eta alderdi sozialista abstenitu egin dira bi mozioetan.

Galdera-erantzunen tartean, hainbat gai

Galdera-erantzunetan, Morrasek hartu du hitza. Batetik, azaldu du hilaren 17an Nazioarteko Preso Politikoen Eguna dela. "Zoritxarrez, makina bat preso politiko daude munduan eta Espainian. Unai Paroti aipamena egin eta behingoz egoera madarikatua bukatzeko eskatzen dugu. Ideia politikoengatik atxilotu eta makina bat urte hesi baten atzean baitaramatza. Beraz, Sarek dinamizatzen dituen ekintzetan parte hartzeko deia egiten dugu hemendik".

Aita Menniko langileei ere keinu bat egin die. "Kepa eta biok bildu ginen haiekin eta prekarietate egoerak jarraitzen du. Eskubide sozialak bete behar dira eta Aita Menni negoziazio mahaian jarri behar da, langileen eskubideak babesteko".

Azkenik, parkour parkearen botoen kontaketa aipatu du. "251 arrasatearrek eman dute botoa eta 98 boto baliogabeak izan dira. Hala ere, ez da ezer esan horri buruz. Zer gertatu da? Zergatik hainbeste boto baliogabe? Eta zergatik jakin behar dugu prentsatik? Kokoteraino gaude etxe barruko gauzak prentsa bidez jakiteaz!".

Ezkurrak arrazoia eman dio. "Argibide bat eman beharko genuke, bai. Teknikariek esan digutenez, askok nortasun agiria ez dute jarri eta baliogabetzat hartu dira botoak". 

Horrez gain, Abuinek Santa Marinako auzo-alkateari buruz galdetu dio Maria Ubarretxenari. "Noiz izango da Santa Marinako auzo-alkatetza berriteko deialdia?".  Ubarretxenak erantzun dio dagoeneko badagoela auzo-alkatea Santa Marinan, eta idazkariak eman ditu zehaztasunak. "Jose Luis Fernandez da, 2020ko uztailaren 14an egin zen bilera aukeraketa egiteko eta berrespena 2020ko uztailaren 28ko udalbatzarraren saioan".

Musakolako auzo-alkatearen gaia ere atera du Morrasek, aurrerago: "Nahiko penagarria iruditu zaigu Mikel San Miguelekin eta ingurukoekin ez egon izana, azalpenik ez ematea. Herritarrekin sentsibilitate eta errespetu gehiago eduki behar da".

Herritar baten kexa, Abuinen ahotan

Abuinek herritar baten kexa azaleratu du saioan. "Amaia naiz. COVID-19 gaitza hartu genuen familian. Nire semea gaixo, eta senarra ospitaleratuta, eta ni konfinatuta. Ezin nintzen kalera irten eta gizarte zerbitzuetara deitu nuen, egoera azaltzeko eta laguntza eskatzeko. Erantzuna izan zen Udalak ez duela laguntzarik aurreikusten horrelako kasuetan, bizilagun eta senideei eskatzeko laguntza. Lotsagarria iruditzen zait Udalak laguntza horiek aurreikusita ez izatea". Hala, Gobernuari eskatu dio laguntza ildo bat zabaltzea, "horrelako kasuak errepika ez daitezen". 

Otsoen inguruko mozioak:

 

 

 

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak