Udal gerakineko zati handiena, Juan Arzamendi eta Kulturola eraikinetara

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko api. 14a, 16:16

Arrasateko Udalak lau milioi euro eta erdiko gerakina izango du 2021erako, 2020ko likidazioko soberakinari esker, eta Udal Gobernuak gaur goizean egindako agerraldian iragarri duenez udal gerakineko kopuru handienak Juan Arzamendi eta Kulturola eraikinetara bideratuko dira –3.173.000 euro guztira–. Gainera, Garibaiko menpekotasun txikiko egoiliarrei begirako eguneko zentroa martxan jartzeko 590.000 euro bideratzea ere nahi dute.

2020rako eta 2021erako udal aurrekontuei hainbat moldaketa egin behar izan zitzaizkion COVID-19ak eraginda baina Arrasateko Udalak espero baino diru gehiago jaso du, bereziki, Diputaziotik. Era berean, soberakina horren handia izateko beste arrazoietako bat da, besteak beste, obrak gauzatu ahal izateko zergetatik espero baino askoz diru gehiago jaso dutela. Gainera, Garayk azpimarratu duenez, Arrasateko Udalak ez du oraingoz mailegurik eskatuko: "Hainbat urtetan aurreikusi izan da mailegua eskatzea zenbakiak koadratzeko erreminta moduan, baina azkenean ez dugu eskatu izan. Aurten ere, gaur-gaurkoz, ez dugu eskatuko. Beraz, zorra zero da".

Ubarretxena: "Prest egon behar gara etorkizunari aurre egiteko"

Zertara bideratuko den aurten iazko soberakina? Ubarretxenak azaldu du gobernuaren helburu orokorra zein den: "Sinisten dugu pandemia atzean utziko dugula eta Arrasate prest egon behar da etorkizunari aurre egiteko; soberakina helburu horretara bideratuko dugu".

Luzea da proiektuen zerrenda baina bideratuko den diru kopurua aintzat hartuta, Juan Arzamendi eta Kulturola eraikinen obrak bukatzera eta lehen ekipamenduak jartzera bideratuko dira. 

Udal Gobernuak gaurko agerraldian egin duen proposamena udalbatzak onartu beharko du bihar, eguena, egingo den osoko bilkuran. 

Garibaiko eguneko zentroa

Eta Gobernuarentzat oso garrantzitsua den beste proiektu bat da Garibaiko menpekotasun txikiko egoiliarrei begirako eguneko zentroa. 590.000 euro bideratuko dituzte aurten proiektu horretara eta Ubarretxenak gaurko agerraldian nabarmendu du hauteskunde kanpainan iragarri zuten moduan oso proiektu inportantea dela eurendako eta proiektu hau gauzatzeak erakusten duela egungo Udal Gobernuak duen konpromisoa.

Santa Teresako igogailuak eta Azoka Plaza

Zerrenda osatzera datozen diru kopuru handiko partidak dira, alderdi sozialistako Victoriano Fuentesen arabera, Santa Teresako igogailuetarako 190.000 euro gehiago bideratzea eta azoka plaza biziberritzera joango den 55.000 euroko partida berria. 

Zuntz optikoa alde zaharrean

Bestalde, alde zaharrean zuntz optikoa jartzeko partida berri bat ere sortu dute, 50.000 eurokoa. Ubarretxenaren arabera, zuntz optikoa 2021ean ezartzeko eskaera egin zuen plataformaren beharrei erantzungo litzaioke partida horrekin eta apirilaren 29an egingo duten bilera berri baten emango dizkiete xehetasunak.  

Elorregiko komun publikoa

Zerrendatik azpimarratu beharreko beste partidetako bat da Elorregin komun publikoak jartzearena; aspalditik datorren eskaera horretarako 50.000 euro bideratuko ditu Arrasateko Udalak, betiere Oñatiko eta Bergarako udalekin elkarlanean. Ubarretxenak adierazi du,  besteak beste, Oñatiko eta Arrasateko udaleko hirigintza teknikariak elkarlanean ari direla proiektuari begira, eta Aldundiari ere eskatuko zaio laguntza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak