Unai Parot presoaren askatasunaren eta etxeratzearen aldeko lan dinamika iragarri dute

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mar. 28a, 16:18
Gaur eguerdian Arrasaten egindako manifestazioaren burua Garibai hiribidean.

Apirilean beteko ditu 31 urte espetxean Unai Parotek. 2005etik kalean beharko lukeela salatzeko eta presoaren etxeratzea eskatzeko manifestazioa egin dute, gaur eguerdian, Arrasaten. Presoa atxilotu zuten urtean jaiotako hainbat herritarrek deituta eta Sare Arrasatek antolatuta egin dute kale agerraldia.

Manifestazioa 12:30ean abiatu da herriko plazatik. Distantziak mantenduz eta bi ilaratan antolatuta egin dute kale agerraldia hainbat herritarrek Unai etxeratzeko bidea gara. Unai Parot, 31 urte espetxean zioen pankartaren atzetik. Hain zuzen ere, 31 urte dituzten hiru arrasatearrek eraman dute pankarta. Unai askatu! edota Euskal presoak etxera! oihukatu dituzte herriko hainbat kale zeharkatu eta Seber Altuben amaitu den manifestazioan. Bertan bi idatzi irakurri dituzte deitzaileek.

"Unai etxeratzeko bidea gara"

Hainbat aldarrikapen egin dituzte Seber Altubeko ekitaldian. Esaterako, Unai Parotek aske beharko lukeela gogorarazi dute. "2005ean kalean behar lukeela uste izatetik 17 urte beranduago oraindik kartzelan jarraitzen duela ezin sinistu gaude. Noiz arte galdezka jarraitzen dugu".

Krudelkeria eta mendeku gosea salatu dituzte eta bizi arteko kondenei amaiera eman beharra aldarrikatu dute. "Unai etxeratzeko bidea gara", esan dute.

Gaurko eguna dinamika berri baten abiapuntua izango dela ere azaldu dute. "Unai etxeratzeko dinamika berri baten abiapuntua izan da gaurkoa. Unai Euskal Herrian, etxean, askatasunean ikusi arte mantenduko dugun dinamika iraunkorra izango da aurkeztera gatozena. Unai ahalik eta azkarren etxera ekartzeko asmoarekin sortutako dinamika".

Leongo kartzelara

Asteon egin da publiko Puerto de Santa Maria espetxetik Leonera lekualdatuko dutela Unai Parot, eta horrekin batera espetxe sailkapenean bigarren gradua eman diotela. "Pauso positiboa da, baina ez da nahikoa. Leonera hurbildu badute zergatik ez Euskal Herrira? Zergatik ez etxera? 31 urte preso egotea astakeria hutsa da. Bizi arteko zigorrak gizatasunik ez duen estatu anker baten erabakia da. Euskal Herriratzea zein askatzea lirateke ezinbesteko gizatasun keinuak. Eta ez dezagun ahaztu; Espainiako legedi arrunta aplikatuz gero legeak dioena hori da. Legeak gehienez ezarri zion 30 urteko zigorra nahikoa ez eta beste hamaika urteko zigorra erantsi zioten neurrira asmatutako zigor berri batekin espetxe onura eta erredentzio denak baliogabetuz (...) Espetxean hainbeste urte egon ondoren kalera irteteko baimena izan beharko luke, baimenarekin irteteko baldintza guztiak betetzen dituelako".

Dinamika berria motza bezain oparoa izatea espero dute deitzaileek. "Jende askok sufritu du mota desberdinetako biolentzia herri honetan, guztien minak aitortza, erreparazioa eta errepikatuko ez den bermeak behar ditu. Baina ezin da elkarbizitzarik, bakerik edota konponbiderik sustatu herri honetan egoera anker eta krudel hauek betikotuz. Arrasateko Saren besoak zabalik ditugu bidea egitera zango berriak batzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak