Unai Parot presoa etxeratzea eskatu dute, kartzelan sartu zuten urte berean jaiotakoek

Xabi Gorostidi 2021ko mar. 24a, 15:38

1990eko apirilaren 2an espetxeratu zuten Parot, eta urte horretan jaiotako hainbat lagunek ekitaldia egin dute gaurkoan. Kartzelan daraman denborari buruzko gogoeta egin dute, "injustua", "sinestezina", eta "krudela" bezalako adjektiboak erabiliz, eta domekan Parot etxeratzeko egingo den manifestazioan parte hartzera animatu dituzte herritarrak. 

Arrasateko Sarek dimanika bat jarri du martxan herrian preso geratzen den azken presoa den Unai Paroten etxeratzea lortzeko, eta ekintza sorta horretako lehena domekan egingo duten manifestazioa izango da. Horren berri emateko ekitaldia egin dute gaur arratsaldean, non Parot espetxeratu zuten urte berean jaiotako hainbat lagunek hitza hartu duten. 

1990ean atxilotu zuten Parot, duela 31 urte, eta haiek jaio zirenetik hona preso egotea "injustutzat" eta "krudelkeritzat" jo dute, besteak beste. Parotek espetxean daramatzan urteei buruz honako gogoeta egin dute: 

"Euskaraz, hamaika esaten dugu zerbait asko dela esateko, ezin konta direnei neurria jartzeko. Hamaika asko badira, hogeita hamaika dira orain ezin konta ari garenak. Ezin sinetsi. 2005ean kalean behar lukeela uste izatetik hamazazpi urte beranduago oraindik kartzelan jarraitzen duela ezin sinesterainokoak. Noiz arte?"

Bitxikeria gisa ere aipatu dute, Parot atxilotu baino bi hilabete lehenago Nelson Mandela aske geratu zela 27 urteko espetxealdia egin eta gero. Zentzu horretan, adierazi dute "injustizia bat amaitu eta munduko beste puntan beste bat hasi zela": 

"1990ko otsailaren 11an Nelson Mandela apartheidaren aurkako ekintzaile hegoafrikarra aske geratu zen 27 urte kartzelan egin ondoren. Urte bereko apirilaren 2an atxilotu zuten Unai Parot herrikidea. 31 urte igaro dira ordutik, eta munduaren bazter batean injustizian oinarritutako kondena baten amaierak lekukoa eman zion munduaren beste aldean injustizian oinarritutako kondena berri bati. Krudelkeriak krudelkeriari pasa zion lekukoa eta 31 urte beranduago zigorrak, kondenak eta mendeku goseak bere horretan dirau. Sinesten zailak diren neurriak dira, norbere azaletik sentitzeko ia ezinezkoak".

Saretik adierazi dutenez, "Euskal Herriratzea edo askatzea ezinbesteko gizatasun eta justizia keinu" liratekeela, kontuan izanda, "legeak ezarritako 30 urteko gehienezko espetxealdia gainditu" duela, eta "espetxe onurak ukatu eta 11 urteko kondena erantsi" ziotela. 

Dinamika horren baitan herriko instituzio, alderdi politiko eta herri eragileak interpelatu nahi dituzte, baina bereziki herritarrak: "Bidea gara diogunean herri edo komunitate oso baten indarrari dei egiten diogu. Denon beharra baitugu Unai etxeratzeko. Elkarbizitza, bakea zein konponbide erdiesteko".

Azken gogoeta gisa, era honetako egoerak amaitzea beharrezkotzat jo dute elkarbizitzara bidean urratsak emateko:

"Jende askok sufritu du mota desberdinetako biolentziak herri honetan, guztien miñak aitortza, erreparazioa eta errepikatuko ez diren bermeak behar ditu, baina ezin da elkarbizitzarik, bakerik edota konponbiderik sustatu egoera anker eta krudel hauek betikotuz. Estatuen partetik preso eta iheslariekiko, herri honekiko, biolentzia betikotuz".

Manifestaziorako deia

Domekan, 12:30ean abiatuko da manifestazioa, Herriko Plazatik, eta bertan parte hartzera animatu dituzte herritarrak: "Domeka honetan, Unai etxeratzeko bidea izango gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak