Txikientzako marrazkiak egin ditu Julen Ribasek

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko mar. 26a, 17:30

Irakurtzen eta idazten ikasten ari diren 5 urtetik gorako umeentzako da Galdu dena azaldu dadila! izeneko liburu berria; Julen Ribas Arrasateko ilustratzaileak egin ditu Garazi Kamio Andoaingo idazleak sortutako istorioaren marrazki koloretsu eta biziak. Arrasate Irratiko Igo Autobusera! saioan izan da aste honetan.

Olaiaren ama, Ekhiren aita, Lukaren amama eta Miaren osaba despistatu egin dira eta hirian galduta daude lau haurrak. Horrela abiatzen da Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak argitaratu eta dagoeneko liburu-dendetan eskuragarri dagoen Galdu dena azaldu dadila! liburua. "Ez dakigu oso ondo nortzuk galdu diren, haurrak ala helduak. Liburuarekin saiatu gara gehienok dugun galtzeko beldurrari buelta ematen, helduok ere badaukagula zer ikasi eta zer zuzendu erakusteko; izan ere, zaintzan ari garenean une oro ari gara aginduak ematen; esaterako: 'Ez galdu'; 'platereko dena jan'; 'txintxo portatu...'. Baina, sarritan, gero, konturatzen gara helduak garela arauak betetzen txarrenak, eta modu dibertigarrian hori azaldu nahi izan dugu liburuan", kontatu du Julen Ribasek.

"Lan gozagarria"

Iaz, martxo amaieran, jaso zuen Ribasek argitaletxetik deia. "Garai arraroak ziren, itxialdian geunden, lanean nengoen baina oso erritmo txarrean. Komiki bat marrazten ari nintzen, oso lan teknikoa eta zaila zena, eta, horregatik, proposamen polita iruditu zitzaidan, komiki horretatik arnas pixka bat hartzeko. Garaziren testuaz gainera, ez zidaten bestelako muga edo pautarik zehaztu, eta modu librean sortu ditut irudiak. Zirriborroak egin ahala argitaletxekoei bidaltzen nizkien, eta eurek Kamiori. Euskaldunak dira pertsonaiak, baina aniztasuna erakusten saiatu naiz".

Marrazteko teknika ezberdinak menperatzen ditu Ribasek, eta akuarelen alde egin du liburuan. "Zuri-beltzean eta tintarekin ari nintzen komikia lantzen, eta paperarekin, pintzelarekin eta akuarelarekin jolastea erabaki nuen libururako; arkatza suelto utzita eta koloreari indarra emanda. Jolas moduan hartu nuen eta asko gozatu dut".

Frantziako Iraultzan murgilduta

Trilogia baten hirugarren atala bukatzen ari da orain. "Frantziako argitaletxe baten enkargua da. Helduentzako lan bat da, dokumentazio eta ikerketa lan handia eskatzen duena. Bi-garren atala argitaratuko dute orain, eta ekain ingururako, seguruenez, hirugarrena".

Irudi originalak, Kulturaten ikusgai

Hamalau ilustrazio egin ditu Ribasek libururako, eta ia guztien originalak daude Arrasateko Margo Taldeak Kulturaten duen erakusketan jasota. "Lanez lepo nabil, eta, taldekideei erakusketarako lanik egiteko modurik ez nuela esan nienean, liburukoak erakustea proposatu zidaten. Ideia polita iruditu zitzaidan, eta hor daude originalak eta baita liburua ere".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak