Liztor asiarraren aurkako kanpaina, abian

Hasier Larrea 2021ko mar. 10a, 13:13

'Vespa Velutina' liztorra harrapatzeko tranpak jarriko dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren kanpainaren baitan, martxoaren 1etik apirilaren 30era bitartean. Arrasaten, esaterako, iaz jasotako datuetan oinarrituko dira udal langileak aurtengo tranpa sarea osatzeko.

Udaberria ate joka dagoen honetan liztor asiarraren presentzia areagotuko dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak Vespa Velutina espezie inbasorearen aurkako kanpaina jarri du abian. Ofizialki martxoaren 1etik apirilaren 30era luzatuko da kanpaina, eta beste urte batez garrantzitsutzat jo dute herritarren parte hartzea bultzatzea, arazoren bat izan edo habiaren bat ikusiz gero, udal arduradunekin harremanetan jartzeko deia luzatuz. Arrasaten horrelako kasuetan BAZera (943 25 20 00), Udaltzaingoari (943 25 20 10) edota udal teknikariari (628 11 56 73) deitzeko gomendatu dute.

Arrasateko Udaletik adierazi dute iazko datuak kontrastatu eta horren arabera tranpak kokatzeko sare bat osatu dutela, liztor horiek presentzia handia izan zuten tokietan tranpak jartzea indartuz. Tranpa horiei "gutxienez astean behin" begiratu eta jarraipena egingo diete, bertan harrapatutako aleak kontatuz eta datuak Foru Aldundira bidaliz, "bi hilabeteko kontaketak xehatuta".

Izan ere, datu horiek baliagarriak dira estatistikak osatzeko,  horrela ondorioztatu baitaiteke zein gune edo toki dituzten gustukoen: "Baso edo landaredietan, baserri inguruetan, inguru urbanoetan edota erreka bazterretan egoten dira askotan, eta eguraldi aldaketek ere izaten dute eragina, ez baita berdina hotz edo epel egin edota euri asko egitea". Kontuan hartzekoa da, baita ere, udaberria aurreratuta edo atzeratuta datorren, "loraldiaren faseak eragin zuzena baitu intsektu guztien elikagai iturrietan".

Euli eta eltxoen aurka, ez

Arrasateko Udaletik bereizi nahi izan dute "espezie jakin baten kontra" ari direla ahalegin hori egiten, "eta ez, traba eginagatik, beste intsektu batzuen kontra, izan euliak, eltxoak edo beste".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak