Hainbat salaketa eta protesta ekintza, manifestazio nagusiaren baitan

Eneko Azurmendi 2021ko mar. 8a, 20:46

Ezohiko eran eta segurtasun neurriekin, baina aldarrikapen transfeministak kalera atera dituzte gaurkoan arrasatearrek. Jendetzak hartu du parte Seber Altube plazan hasi eta amaitu den manifestazio nagusian eta, segurtasun distantziak tarteko, asko luzatu da ilara. Ibilaldian zehar, hainbat protesta ekintza egin dituzte eta ondoren, manifestua irakurri dute, ekitaldia txalo zaparrada eta aldarrikapen oihuekin bukatuz.

Lehenik eta behin, BBVA bankuaren "etxegabetze-tasa altua" salatu dute, Biteri plazan. Ondoren, Saharako Emakumeen Elkarteak haien lurrak jasaten ari diren okupazioaren aurkako protesta egin dute, manifestarien txalo artean. Gero, Lanbideko egoitzaren parean, atzerritartasun legearen aurkako protesta egin dute. Laugarren ekintza Ertzaintzaren egoitzaren parean izan da, Gerra hemen hasten da zioen pankartarekin. "Armak edota armen osagaiak Euskal Herrian ere ekoizten dira, 100 bat enpresa baitaude, eta gero Yemenen edota Palestinan erabiltzen dituzte, besteak beste", azaldu dute antolatzaileek. Azkenik, botere korporatiboei herritik alde egiteko eskatu diete Seber Altubera iritsi aurretik, panfleto bat banatuz. 

Bukaerako manifestua, osorik: 

Feminismoetatik aspaldi diagnostikatu genuen kapitalismo patriarkalaren birfundatze zikloa, eredu hau sostengaitza zela ohartarazita. Jada urtebete igaro da eta agerian geratu da Covid19-aren krisiak utzitako egoera sozial eta politiko latza. Lehertu zaiguna ez da osasun-krisia soilik. Lehertu zaiguna zaintza krisi bat da, eta aurreko krisialdien moduan, emakumeak* izan gara kolpatuenak. Izan ere, bizitza sostengatzeko lan erreproduktibo guztia esparru feminizatuetan ematen da eta horietan klase gatazka oldarkorra izaten ari da, bereziki egoera irregularrean dauden emakume* langileen eremuan. Marko horretan kokatu behar dugu Covid19-aren aitzakiaz gordinki azaleratutako arrazakeria, prekarietatea, errepresio eta gehiegikeria poliziala, emakumeen aurkako bereizkeria eta herri burujabetzaren galera.

Gure bizitzak sostengatzea ez da errentagarria kapitalismoarentzat, horregatik egiturazko zapalkuntzak erabiltzen ditu etekinaren etengabeko gurpilak martxan jarrai dezan. Euskal Herrian gurpil horrek sigla jakinak ditu: Iberdrola, CONFEBASK, CAF, BBVA, Endesa, MCC... Gure lurraldeetako gobernuek etengabe koipeztatzen dituztenak. Transnazionalak diruz hornitzean, beste herrialdeak esplotatzeko ateak irekitzen dituzte. Merkatu librearen logikak ardatz arrazista baten inguruan jokatzen du, izan ere enpresek munduan zehar erabateko askatasunez ustiatzen eta metatzen duten bitartean, Europako mugak migrazio politika hiltzaileen adierazle garbiena dira. Kapitalarentzat gure bizitzek ez dute apenas baliorik, eta heteropatriarkatuak eta arrazakeriak balio hori lan esku merkera mugatzen dute.

Horregatik aurten martxoaren 8an sistemaren erro arrazista salatzea ezinbestekoa zaigu, izan ere, ezberdin kolpatzen bagaitu ere, aurrean daukagun munstroa berdina da. Zentzu horretan, Euskal Herrian sustraituko den Mugimendu Feminista antiarrazista bat artikulatzen jarraitu behar dugu. Bide horretan, gorputz zurioi dagokigu gure pribilegioen eta gure praktika arrazisten eraldaketa bat arduraz egitea, baina baita gure jardun militantetik egiturazko kolonialismoari aurre egitea ere. Betiere emakume* arrazializatuen lidergotza aitortuz eta egiturazko zapalkuntzei erantzungo dien eskubideen aldeko estrategia feminista zabalduz.

Bada garaia injustiziaz, esplotazioz eta zapalkuntzez eraikita dagoen sistema honetan ditugun pribilegioen berrikuspen bat egiteko eta guztiontzako unibertsalak izango diren eskubideak aldarrikatzeko. Bada garaia gure lurraldean inposatzen dizkiguten muga fisiko eta politikoak apurtzeko. Gure baitako mugak hautsi nahi ditugu, gorpuzten ditugunak eta sistemarenak. Erraietatik hasi eta Euskal Herri burujabe, feminista eta antiarrazista batera bidean.

Gora borroka feminista, antiarrazista eta antikapitalista!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak