"Feminismotik aspaldi salatu genuen sistema kapitalista eta patriarkal hau bere burua berrasmatzen ari dela eta ezin dela sostengatu. Jada urtebete igaro da eta agerian geratu da COVID-19aren krisiak utzitako egoera sozial eta politiko latza. Lehertu zaiguna ez da osasun krisia soilik. Lehertu zaiguna zaintza krisi bat da eta aurreko krisialdien moduan, emakumeak izan gara kolpatuenak", azpimarratu dute komunikatuan. Izan ere, bizitza sostengatzeko zaintza lan guztia emakumeen gain hausten dela diote eta lan horietan "klase gatazka handia" ematen ari dela, "bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan". Marko horretan kokatzen dute COVID-19aren aitzakiaz "gordinki" azaleratutako arrazakeria, prekarietatea, errepresio eta gehiegikeria poliziala, emakumeen aurkako bereizkeria eta herri burujabetzaren galera.
"Gure bizitzak sostengatzea ez da errentagarria kapitalismoarentzat, horregatik egiturazko zapalkuntzak erabiltzen ditu ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Euskal Herrian horrek sigla jakinak ditu: Iberdrola, CONFEBASK, CAF, BBVA, Endesa... Transnazionalak finantzatzean, beste herrialdeak esplotatzeko ateak irekitzen dituzte. Kapitalismoaren logika guztiz arrazista da; izan ere, lehengaiak mugitzeko arazorik ez dagoen bitartean, Europako mugak migrazio politika hiltzaileen adierazle garbiena dira. Kapitalarentzat gure bizitzek ez dute apenas baliorik eta heteropatriarkatuak eta arrrazakeriak balio hori lan esku merkera mugatzen dute", gaineratu dute.
Hori dela eta, aurten martxoaren 8an sistemaren "erro arrazista" salatu dute: "Ezberdin kolpatzen bagaitu ere, aurrean daukagun munstroa bera da. Bide horretan, gorputz zuriok gure pribilegioen eta gure praktika arrazisten eraldatzeaz arduratzea ezinbestekoa da. Baina baita ere estatuek eta enpresa handiek dituzten jarrera kolonialistak salatzea. Euskal Herrian errotuko den mugimendu antiarrazista eta femnista sortzeko beharrezkoa izango da hau egitea; beti ere, emakume arrazializatuen ahotsak entzunaz eta egiturazko zapalkuntzei erantzungo dien eskubideen aldeko estrategia feminista zabalduz".
Bukatzeko, unibertsalak izanago diren eskubideak aldarrikatu dituzte. "Bada garaia gure lurraldean inposatzen dizkiguten muga fisiko eta politikoak apurtzeko. Gure baitako mugak hautsi nahi ditugu, gorpuzten ditugunak eta sistemarenak. Sistema arrakalatzera goaz, Euskal Herri feminista, antiarrazista eta antikapitalista bat eraikitzera bidean. Gora borroka feminista, antiarrazista eta antikapitalista".