Etxeetan energia fotovoltaikoa sustatzeko kanpaina informatiboa egiten ari da Udala

Hasier Larrea 2021ko mar. 2a, 15:31

 Proiektua SHREC Interreg Europe  izeneko egitasmo europarraren barruan kokatzen da.  Herrian trantsizio energetikorako bidean urratsak egiten jarraitu nahi du Udalak, energia eredu alternatiboen aldeko apustua eginez.

Arrasateko etxebizitzetan energia berriztagarrien ezarpena sustatzeko kanpaina bat jarri du martxan Udalak, energia fotovoltaikoaren ekoizpenaren bidean herritarrak sentsibilizatu eta informazio praktikoa eskaintzeko. Proiektua SHREC Interreg Europe  izeneko egitasmo europearraren barruan kokatzen da, Arrasateko Udala programa horren parte delarik. Oinarrizko helburua herriak trantsizio energetikoaren bidean urratsak egiten jarraitzea dela azaldu du Maria Ubarretxena alkateak, eta kontzeptu hori herritarrei gerturatzeko pausoz pauso joan behar direla gaineratu.

Horretarako, Udalak, Euskadiko Etxetresnen Klusterrak eta H-Enea Living Lab enpresak gida praktiko bat osatu dute, autokontsumorako dauden aukeren, energia berriztagarrien instalaziorako diru-laguntzen edota hobarien inguruko informazioa herritarrei helarazteko. Gida hori etxez etxe banatu dute, eta Udalaren webgunean ere eskuragarri dago. H-Enea Living Labeko Eukene Barrenetxeak azaldu ditu etxebizitzetan energia fotovoltaikoa instalatzeko dauden bi moduak. 

Azken helburua energia fotovoltaikoa modu kolektiboan kontsumitzea dela nabarmendu arren, prozesu hori etapaka egitea garrantzitsua dela aipatu du Barrenetxeak, energiaren eta etxebizitzen arloan dabiltzan eragileekin eta Udalarekin egindako elkarrizketetatik ateratako ondorioen barruan.  

Bilera irekia eta proba pilotua

Proba praktikoak egin nahi dituzte Arrasateko eta eskualdeko bizilagunen komunitateetan, proiektua ezagutarazi eta ze harrera jasotzen duen egiaztatzeko. Debagoiena 2030 ekimena arduratuko da proba pilotu hori antolatzeaz. 

Hurbilketa informatibo horren hurrengo pausoa Kulturaten herritarrekin bilera ireki bat egitea dela aipatu du Ubarretxenak, hitzordu horren eguna zehaztu gabe. Bere etxebizitzan energia eredu alternatiboak jartzeko ze aukera dauzkan jakin nahi duenak BAZera deitu dezake, enpresen gaineko informazioa eskuratzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak