Euskarak batu dituen nazioarteko adiskideak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko ots. 26a, 18:30

Euskara online eta doan praktikatzeko aukera ematen duen Mintzanet ekimenaren bidez ezagutu dute elkar Arrasateko Agurne Juldainek eta Argentinako Sebastian Amayak; aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dute, Arrasaten elkartuta.

Buenos Airesko (Argentina) Laurak Bat euskal etxean euskara irakaslea da Sebastian Amaya, eta, horrez gainera, literatura irakasle ere badihardu ikastetxe batean. Ikasketez psikologoa da Agurne Juldain eta Sarea Fundazioak Arrasaten duen Bidean gizarteratzeko zentroa du lantoki. Euskaraz berba egiteko gogoak bultzatuta ezagutu zuten apirilean elkar; harrezkero, zapaturo egin dute hitzordua, online euskaraz berba egiteko.

Mintzanet programaren bidez


Irabazi asmorik bako ekimena da Mintzanet; Maramara Taldea enpresak kudeatzen du, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza du. Euskaraz jarduteko aukera handirik ez duela-eta egin zuen Amayak ekimenarekin bat. "Nire birraitona eta birramona Euskal Herrikoak ziren; horrez gain, asko gustatzen zait euskara, eta gustura nago euskararekin. Ekimen oso baliagarria da, asko ari naiz ikasten, eta, gainera, lagun bat irabazi dut", dio Amayak, eta zera gaineratu du Juldainek: "Arrasateko Zahar Berri egitasmoan jardun izan dut aurretik, eta telebistan Mintzanet ekimenerako boluntarioak behar zituztela ikusi nuenean eman nuen izena, euskararen alde nire aletxoa jarri guran. Getxoko neska bat jarri zidaten bidelari eta ni Bidelagun rolean; harekin saio batzuk egin nituen, eta, geroago, beste bidelari bat pro-posatu zidaten, Sebastian. Eguneroko gaiei buruz egiten dugu berba, eta, gauden garaian, nola ez, pandemiaren hango eta hemengo gertakarien bueltakoak. Ez naiz euskara irakaslea ni; hortaz, gramatika zuzenketaren batzuk egiten dizkiodan arren, oinarrian, lagun arteko solasaldi informalak izaten dira".

Biek ala biek programaren onurak azpimarratu dituzte eta ekimenean parte hartzeko gonbidapena egin dute. "Astero ordu erdi bat ateratzea ez da zaila, eta euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak, biak, irabazten ateratzen gara".

Asteburuan, Arrasaten elkartuta


Apirilean hasi ziren pantailaren aurrean astero elkartzen, eta aurreko asteburuan elkartu dira lehenengoz aurrez aurre; izan ere, azken bi hilabeteotan Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegian dagoela kontatu du Argentinakoak: "Etxepare Euskal Instituzioaren bidez ikastaro trinkoa jasotzen ari gara euskal diasporako hamaika lagun. Ikaragarria eta sinestezina da bizitzen ari garen esperientzia! Turismo handirik egiteko aukerarik ez dugu izan, baina euskara ikastea zen helburua, eta, duda barik, bete da!".

Erlazionatuak

Mintzanet, euskaraz, lagun berriak egiteko ekimena

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021 ots 22 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak