Santa Barbarako haritza ez botatzeko eskaera egin du Arrasateko EH Bilduk

Eneko Azurmendi 2021ko ots. 25a, 11:01

Santa Barbarako aretxa. Argazkia: Arrasateko EH Bildu.

Santa Barbarako haritzaren "inausketa orokorra eta zorrotza" egiteko erabakia geroratzea eskatu du EH Bilduk. "Inausketa arin bat eta jarraipena egitea eskatzen dugu. Hala, datorren udazkenean gure neska-mutikoek Arrasaten bakanetakoa den ehun urtetik gorako amandrearen ezkurrak batzeko aukera edukiko lukete eta ezkur horietatik, aretx berriak sortuko lirateke", gaineratu dute.

"Santa Barbara parkeko sarreran dagoen amandrea, ehundik gora urtetan arrasatearron joan-etorriak ikusi dituena, arrisku larrian dago", adierazi du EH Bilduk.  "Urtero, dagokion Udaleko batzordean, lorezaintzatik zerrendatzen diren zuhaitz batzuei buruzko lanketa egiten da. Aurten, talde ezberdinek adostasun maila handia lortu dugu, orokorrean, baina aretxarekin trabatu egin gara. Kontua da, azterketa bisual batetik eratorritako ondorio bezala, aretxa botatzea proposatu zigula Cespak. Guri, beste aditu batek, azterketa bisual baten oinarrituta baita ere, hori ez zela beharrezkoa esan zigun. Gogoratu, adibidez, azaroko haizeteek zenbat kalte eragin zituzten han eta hemen, eta aretx honek ikararik ere ez. Ikuspegi kontrajarrien aurrean, beste azterketa sakonago bat egitea proposatu genuen, baina ez digute onartu. Azkenean 'inausketa orokorra eta zorrotza' egitea hobetsi da, arbola zaharra hiltzea finean", gaineratu du.

Hori dela eta, erabaki hori geroratzea eskatzen du. "Zuhaitzari inausketa arin bat eta horren jarraipena egitea. Horrela, hurrengo udazkenean gure neska-mutikoek Arrasaten bakanetakoa den ehun urtetik gorako amandrearen ezkurrak batzeko aukera edukiko lukete. Ezkur horietatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren mintegian, aretx berriak sortuko lirateke eta, urte pare batean, aretx zaharraren oinordekoak herrian zehar landatu ahal izango genituzke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak