Udaleko zerbitzu teknikoek 2019. urteari dagokion azterlan bat daukate, Cespa Arrasate Jardines enpresak idatzitakoa, eta azterlan horretan oinarrituta egindako txostenean, 21 eremutako hainbat zuhaitzen egoera aztertu dituzte, zuhaitzak, haien egitura, ezaugarriak eta horietako bakoitzerako proposamenak deskribatuz. "Horietan, deuseztapenak edota inausketa bereziak proposatzen dira, segurtasun- irizpideak kontuan hartuta", dio Udal Gobernuak.
EH Bilduk eskatuta, Kimu bat enpresari bigarren azterketa bat eskatu zaiola gaineratu du Gobernuak, eta hark argudiatu duela, zuhaitzaren egoera ikusita, zati batean ustela eta barrutik hutsik dagoela, "Cesparen iritzi berekoa dela", hain zuzen. Hori dela eta, Obra, Zerbitzu eta Mantentze Batzordean aurkeztutako erabakia zuhaitz hori kentzea izan da, "adierazitako arrazoiengatik".
Udal Gobernua ez dator bat EH Bilduk Santa Barbarako haritza ez mozteko egindako eskaera publikoarekin, "are gehiago, alderdi horrek proposatzen duenean, Kontzezino kaleko karpinus betulus zuhaitz bat kentzea, tamaina handikoa eta oinarrizko adarkadura egokia duena, zazpi metrotik gorako kopa eta 11-12 metroko altuera daukana, garapen on, orekatu eta erregularrarein".
EH Bildurekiko "haserrea"
Era berean, Udal Gobernuak eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze Batzordeko lehendakaritzak "haserrea" adierazi nahi izan du EH Bilduk gaian erakutsi duen "zorroztasun faltagatik, seriotasun eskasagatik eta arbitrariotasunagatik". Hala deskribatu du EH Bilduren jarrera: "adituentzat arriskutsua den zuhaitz bat mantentzea eskatzen du, egoera txarrean dagoenean, eta, aldi berean, zuhaitz orekatu eta garapen onekoa ezabatzea eskatu nahi dugu".