Gaizki-ulertuak sortu dituen proposamena

Hasier Larrea 2021ko ots. 20a, 06:00
Komertzioei ezinbestekoa zaie wifia, datafonoarekin jarduteko, besteak beste.

Joan den asteko ostiralean Gestel telekomunikazio enpresak kajoi tabernan jarri zuen wifi eskaintzaren proba pilotuak zenbaitengan "gaizki-ulertuak" eragin dituela adierazi du ibai-arte merkatari elkarteak: "guk ez dugu irabazirik lortuko, hori surrealista da".

Alde zaharreko bizilagun eta negozioentzako zuntz optiko "duinaren" gabeziak soka luzea ekarri du, irailean Udalak Gestel enpresaren uhin bidezko zerbitzuaren instalazioa iragarri zuenetik. Interneterako konexio eskasaren "irtenbidea" izango zela adierazi zuen orduan Maria Ubarretxena alkateak. Urrian erabilgarri egongo zela aipatu arren, urtarrilera arte ez zuen konpainiak zerbitzua alde zaharrean instalatu.

Gainera, azken asteotan eskaintza hori zenbait komertziok kontratatu duten arren, ez dirudi bizilagun gehienek bide beretik joko dutenik; zerbitzu "garestia" dela argudiatzen dute: hileko 68 euro kostatzen da 300 megako wifi eskaintzak alde zaharrean. Erdigunetik kanpo prezioak merkeagoak dira, besteak beste, konpainiak elkarren artean lehiatzen direlako. Baina alde zaharrean ez dute inbertsiorik egin nahi, PER legeak kable bidezko konexioa lurretik bakarrik txertatzea ahalbidetzen dielako. Ondorioz, ez daude kostu horiek euren gain hartzeko prest.

Bizilagunak hasiak dira gaia modu kolektiboan lantzen, zuntz optikoa "berehala jartzeko beharra" dutela eta. Horregatik eskatu diote Udalari "modu publikoan adierazteko zuntza 2021ean jarriko dutela".

Ibai-arteren ekarpena

Afera horretan beste aktore bat agertu da asteon lehen lerroan: Ibai-arte komertzio elkartea. Joan den ostiralean, prentsa ohar bat argitaratu zuen, Gestel enpresak wifia probatzeko egun bateko esperientzia eskainiko zuela azalduz. Hori horrela, Herriko Plazako Kajoi tabernan proba pilotu bat egin zuen Gestelek, erabiltzaileek doan ezagutu zezaten zein zen euren zuntzaren eskaintza. Itxuraz asmo oneko proposamena zenak kritika anonimo ugari sortu zituen sarean, Ibai-arteri "Gestelen bitartez irabaziak" lortuko zituela leporatuz, besteak beste.

Dendarien elkarteak komunikatu bat atera zuen "gaizki-ulertu" horiek argitzeko, euren bazkideei "baldintza duinetan lan egin ahal izatea bakarrik" bilatzen zutela argudiatuta. Ibai-arteko presidente Jon Apraizek azaldu du erdiguneko komertzioek "zailtasunak" dituztela datafonoa eta Interneteko hodeia erabiltzeko orduan. Euren lanerako "tresna garrantzitsuak" izanik, Internet seinale azkarra edukitzeko azterketa egin zuten Ibai-artekoek duela hilabete batzuk, eta Gestelekin egin zuten topo: "Guk aukera hori proposatu genion Udalari, eta ondo iruditu zitzaien. Hortik aurrerakoa beraiek kudeatu dute, eta interesa agertu duten negozioek izena eman dute kontratua eskuratzeko", esan du Apraizek, eta Kajoin eskainitako aukera "tabernaren eta Gestelen arteko elkarlana" izan dela gaineratu.

Negozioek, begi onez

Kajoi tabernako ugazabek "positiboki" baloratu dute Gestelekin egindako egun bateko elkarlana. "Bospasei komertzioren jabeek eta pare bat partikularrek probatu zuten ostiraleko eskaintza, eta batzuk jarri dira konpainiarekin harremanetan", adierazi du Antonio Murillok. Hasiera batean wifia terrazan jarri nahi zuten arren, eguraldi txarra zela-eta lokal barruan instalatu zuten, azkenean: "Gestelekoek beste egun batean ere etorriko direla esan digute, eguraldi ona egiten duenean, terrazan daudenek wifiaren ezaugarriak ikusi eta baloratzeko", azaldu du Murillok.

Alde zaharreko negozio batzuentzat baliagarria izan da konpainia horren eskaintza, baina bizilagun askok erdigunetik kanpokoen baldintza berak nahi dituzte euren etxeetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak