Alde zaharreko zuntz optikoaren arazoari "konponbide bat" eman nahi izan diotela adierazi du Ibai-artek

Hasier Larrea 2021ko ots. 15a, 16:14

Komertzio elkarteak pasa den ostiralean Gestel konpainiaren wifi zerbitzua probatzeko aukera jarri zuen Kajoi tabernan. Eskaintza horrek zenbait herritarrengan sortutako "iruzkin eta iritziak" ikusita, zenbait gai argitu nahi ditu Ibai-artek: "Baldintza duinetan lan egin ahal izatea bermatu nahi genuen, besterik ez".

Zuntz optikoari dagokionez,  Ibai-Artetik arazoari "irtenbide bat" eman nahi diola adierazi dute bertako kideek. Merkatari batzuk "datafono bidez kobratzeko arazoekin" dabiltzala eta, "dauzkagun baldintzengatik" komertzio batzuek negozioa "nahi bezala digitalizatu" ezin dutela eta kudeaketa-programekin "hodeian lan egiteko ere arazo asko" dituztela salatu dute, guzti hori "onartezina" dela azpimarratuz.

Bestalde, telekomunikazio enpresa desberdinen eskaintzak edukitzea gustatuko litzaiekeela aipatu dute: "Guri alde zaharrean zuntz optikoa izatea gustatuko litzaiguke; zuntza kontratatu ahal izateko enpresa desberdinak interesatuta egotea nahi dugu, norberak nor kontratatu erabakitzeko aukerak izan ditzan".

Egiteko hori "Udalaren ardura" dela ere nabarmendu dute elkarteko kideek: "Ibai-Artetik beti aldarrikatu dugu hori Udalean, urte asko gabiltza honen atzetik, baina besterik ez dagoen bitartean, Gestelen irtenbidea aurkitu dugu, besterik gabe". Horren harira, "Udalari enpresa honen berri eman genion, ea  Arrasaten jartzeko aukerarik zegoen azter zezan, eta ez dugu beste kudeaketarik egin".

Azkenik, adierazi dute "asko" sentitzen dutela Ibai-Arteren erabakiren batek norbait "mindu" izan badu: "Beti saiatzen gara guztion ongia bilatzen, baina argi utzi nahi dugu gai honekin Ibai- Artek ez duela etekin ekonomikorik lortzen, baldintza duinetan lan egin ahal izatea, besterik ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak