Orain arte Pablo Urangakoa izan da asteburuetan zerbitzua eman duen Gazte Txoko bakarra, eta Udalaren eta bizilagunen hitzetan, "bizikidetza arazoak" sortu ditu erabiltzaileen eta bizilagunen artean. "Zerbitzuak hainbat urtez arazoak sortu ditu auzotarren artean, eta, azkenean, auzotarrek sinadurak bildu dituzte Gaztegunearen ondoko atarietan, Zerbitzuak komunitateari sortzen dizkion eragozpenak eta desordena agerian utziz eta lekualdatzea eskatuz. Urte luzez komunitatearen eta erabiltzaileen arteko bizikidetza hobetzeko ahaleginak egin badira ere, hala nola lokalaren intsonorizazioa, hainbat bilera begiraleekin, familiekin eta bizilagunekin... azkenik, Udalak, komunitateak eskatzen duen lasaitasun-premiei erantzunez, zentroan asteburuetan eskaintzen den zerbitzua Musakolako Gaztetxokora lekualdatzea erabaki du, behin-behinean. Horrela, zerbitzua etxe guneetatik kanpo eskainiz, zerbitzuaren erabiltzaileek beharrezko askatasunez jardun ahal izatea lortu nahi da, eta, aldi berean, bizilagunen ongizatea bermatzea" azaldu du dute Udal Gobernutik, prentsa ohar bidez.
Jakinarazi dutenez, lekualdatzea behin-behinekoa da, ostean Lanbide dagoen eraikinean emango dutelako Gazte Txoko zerbitzua: "Gaztetxokoko zerbitzua erdigunetik tren-geltoki zaharrera aldatzea aurreikusten da, Lanbidek aurtengo irailean bere bulegoak ELMA eraikineko beheko solairura eramaten dituenean".
Erabiltzaileen eta bizilagunen erreakzioak
"Ez da justua egin duzuena, non geratu da bizikidetza?", "Zuek gazteak izan zineten bezala, gu ere bagara, eta disfrutatzeko aukera dugu", "Zer? Etxean geratuko gara? Gaztetxokorik ez, irribarrerik ere ez", edo "Gurasuak tabernetan. Eta gu?" bezalako mezuak jarri dituzte erabiltzaileek eraikinaren kanpoa aldean, baita Txatxilipurdiko langileentzako esker mezuren bat edo beste. Kartel horietako batzuk jada kendu egin dituzte, indarrez.
Horrez gain, domekan, erabiltzaileen guraso talde bat eraikin kanpoaldean batu zen, neurriarekiko, eta hori jakinarazteko moduekiko, desadostasuna erakutsiz .
Erreakzioak ikusita, Pablo Urangako bizilagunek oharra kaleratu dute, gertatutakoari buruzko euren azalpenak emate aldera.
"10 urte baino gehiago pasatu dira Erdiguneko Gaztetxokoak ateak zabaldu zituenetik, eta tarteko urte hauetan egoera ez da hobera joan: alde batetik, guneak duen kokapena; bi eraikuntzen artean dagoen lokal bat, honek sortzen duen zaraten oihartzunekin. Eta bestalde, gehien gogaitzen gaituena izanik, jasaten ditugun oihuak, irainak zein baloi golpeak etxeko hormetan. Eta honi batuz, gure balkoietara botatzen dizkiguten kola / petardo / arrautza / harriak... behin eta berriz, aste-bukaerero. Hau konpontzeko ahaleginak denbora askoan zehar errepikatu dira: udaletxera bidalitako kexa formalak, udaltzainei deiak, monitore zein udaletxearekin bilerak... inoiz konponbiderik lortu gabe. Egoera jasanezina da, eta gazteek jolasteko eta zarata egiteko eskubidea duten bezala, inguruko eraikinetako bizilagunok ere gure etxeetan lasai egoteko eskubidea daukagu. Argi geratu dadila, bizilagunok inoiz ez dugula zerbitzu etetea eskatu. Bizikidetasun arrunt bat bakarrik." adierazi dute.
Lokala udal jabetzakoa da, eta Txatxilipurdi elkartea aritu da urte hauetan guztietan bertan zerbitzua eskaintzen. GOIENAk Txatxilipurdiren iritzia jaso nahi izan du, eta, gaur-gaurkoz, ezer ez plazaratzeko hautua egin dute.
EH Bilduren irakurketa
Udal Gobernuak gai hau lantzeko izan duen "aldebakartasuna" kritikatu dute, prentsa ohar bidez. "Aurreko martitzeneko Gazteria batzordean helarazi ziguten gaia, eta hori elkarlanean lantzeko moratoria bat eskatu genuen. Baina eguenean egindako Tokiko Gobernu Batzordean onartu zuten lekualdatzea, eta ostiralean esan ziguten ez zela elkarlanik egongo, erabakia hartuta zegoelako. Ez hori bakarrik, erabiltzaileen gurasoei ere ez ez zaie erabakia komunikatu. Gure nahia zen, Udalak erdigunean dituen beste lokal batzuk aztertzea, behin-behineko aldaketa hori lokal zentriko batera egiteko: Uarkapen, Txaetan... Baina ez digute aukerarik eman. Gure ustez, Musakolara lekualdatzean erabiltzaile askok erabiltzeari utziko diote eta horrek kezkatu egiten gaitu. Argi dugu gai honetan bi kaltetu nagusi daudela, gazteak eta bizilagunak, baina hartu duten erabakia ez da konponbide egokiena. Azkenik, esatea, azken bi urteetan ez dela gaia Gazteria batzordean aipatu ere ez egin. Joan den asteko batzordean txosten bat jaso genuen Gazte txokoak bizilagunei eragin dizkien kalteei buruz, baina ez dugu txostenik jaso zerbitzu honek gazteei egiten dien onurari buruz".
Ahal Dugu alderdiaren oharra
Elkarrekin Arrasate alderdian ordezkaritza duen Ahal Duguk ere gaiari buruzko oharra plazaratu zuen. Zerbitzua "aldebakartasunez itxi" dutela kritikatu dute eta adierazi dute EAJk "hitza eman" ziola PSE-EE gobernukideari "Emakume Txokoa tren geltokira lekualdatzeko".
[OHARRA]
Bideozko bertsioan aipatzen da joan den asteburuan Pablo Urangako Gazte Gunea itxita egon zela, eta ez da zuzena; zabalik egon zen. Asteburu honetatik aurrera izango da itxita, eta asteburu honetan hasiko dira zerbitzua Musakolako lokalean eskaintzen. Barkatu eragozpenak.