Hona hemen, elkartetik plazaratutako mezua bere osotasunean:
"Lehenik eta behin, adierazi nahiko genuke elkarteak arduraz bizi duela azken egunotan herri gisan agertu zaigun korapilo hau. Txatxilipurdi irabazi asmorik gabeko euskara elkartea da. Arrasatetik abiatuta haur, nerabe eta familien euskarazko aisialdi hezitzailea lantzen dugu, gozamena ardatz izanik eta bizitzarako baliagarriak izan daitezkeen balore zein gaitasunak garatzen lagunduz, hala nola: euskaltzaletasuna, parte hartzea, autonomia, naturarekin harremana, aniztasuna, hezkidetza ... Hezkuntza ez-formaletik abiatuta lan egiten dugu eta hezkuntza komunitatearekin elkarlanean.
Hori guztiori ekimen eta proiektu ezberdinen bitartez gorpuzten saiatzen gara. Tartean Arrasateko gaztetxokoetan, udal zerbitzu publiko hauen kudeatzaile arduradunak baikara gaur gaurkoz. 1994an San Andreseko eta Musakolako gaztetxokoak ireki zirenetik eta gaur egun arte, udalarekin lankidetzan jardun dugu zerbitzu hauek etengabeko hobekuntzan egon daitezen eta Arrasateko nerabeei kalitatezko aisialdi hezitzaile publiko bat eskaintzeko.
Zerbitzu hauei esker, nerabeen eskubideak eta baloreak garatzen dira. Aisialdiaz era aktiboan, euskaldunean, parte-hartzailean, sortzailean eta osasungarrian bizitzeko aukerak eskaintzen dira; autonomia garatzea bilatzen da; nerabeentzat esanguratsuak izango diren harreman pertsonalak eraikitzeko gune aproposak sortzen dira (adin berekoekin zein taldeko helduekin, mundu ikuskera anitzak dituztenekin, jatorri ezberdinetako pertsonekin, ikastetxe ezberdinetako kideekin ... ); bidelaguntza eta orientazioa eskaintzen da (prebentzio lanak egiten dira, izaera ezberdinetako arriskuen kudeaketa gauzatzen da) ... Eta, ezin dugu ahaztu nerabeentzako zerbitzuak hauentzako gune erreferente bilakatu eta bertan aisia hezitzailea gauzatzean, familiak eta komunitatea ere zeharka onuradun ere badirela. Funtsean, nerabeen arteko topagune seguruak dira gaztetxokoak eta herriari onura egiten dio udal zerbitzu mota honek.
Gatazkak ere, sortzen dira espazio hauetan eta hauen bueltan, noski. Bertako bizitza ez baitago gizarteko errealitatetik aldendua. Zerbitzuko erabiltzaileak (nerabeak) gizartearen parte eta gizartearen isla dira.
Gaztetxokoetan gatazkak izan ditugunean, modu ezberdinetako esku-hartze eta kudeaketak egin izan ditugu (parte diren pertsonen arabera, intentsitatearen arabera, arrisku faktoreen arabera ... ) baina, garbi izan dugu gatazkaren parte diren pertsona guztien artean komunikazio eraginkorra bermatu behar dela: bakoitzaren beharrak jasoak/entzunak izatea; etengabeko negoziaketa bat egitea; konpromisoak hartzeko prestutasuna egotea; gatazka konpontzeko borondatea egotea (adieraztea); eta alde guztiak asetuta geratzea. Erdiguneko gazteguneko gatazken kudeaketan ere, halaxe jarduten saiatu gara Txatxilipurditik. Arazoaren fokua(k) identifikatzen, inplikatuen beharrak jasotzen eta alternatibak planteatzen.
Elkartea ez da azken egunotan egon diren epaiketa, iruzkin etab. baloratzen sartuko. Gertatutakoa gune zabal eta aurrez-aurrekoan landuko dugu lankidetzan aritzeko prestutasuna azaltzen duen edonorekin. Argi baitaukagu elkarri mokoka ibiltzea ez dela inorentzat mesedegarria eta larriena dena, benetako arazotik aldentzen garela: nerabeak erdiguneko gaztegune gabe gelditu direla (zerbitzua itxi baita) eta nerabe guztiak multzo beran sartu eta kriminalizatu direla. Baina, nerabeak jarrera biolentoetatik haratago, atseginak, adeikorrak, lagunkoiak, kritikoak, sortzaileak, enpatikoak, jostariak, euskaldunak, zaintzaileak ... dira.
Haatik, herri mailan jada kokatu den korapilo hau askatzeko Txatxilipurdik bi aspektu horietan jarriko du fokua eta goian aipatutako metodoekin lan egingo du.
Alternatibak badaude. Egun batetik bestera etorri den eta alde bakarrekoa den erabaki hau jaso aurretik gazteria saileko teknikariari eta zinegotziari azaldu izan dizkiogu (eta baita ostean ere): erdiguneko asteburuko zerbitzua indartu (demanda handia baitago), erdigunekoaz gain beste gaztetxoko bat ere zabalduz (Musakolakoa). Egoera hau kudeatzeko ere, proposamen ezberdinak planteatu ditugu: hezitzaile eta bizilagunen arteko bilerak gauzatu lankidetzan aritzeko, elkarbizitza lantzeko prozesuan eta erabakiak hartzen diren momentuan hezitzaile zein nerabeak ere horren parte izatea, udala eta elkartearen arteko komunikazioa eraginkorragoa izatea ...
Nekez konponduko dugu gatazka bat beste gatazka handiago bat sortuz eta agertu daitezkeen kalteen dimentsioak aurretiaz aztertu gabe. Zauri asko zabaldu dira, min asko sortu eta hau erreparatzeko, ezinbestean, zaintza eta erantzukidetasun kolektibo bat egon behar dela uste dugu (Elkartea, nerabeak, familia/tutore legalak, bizilagunak, Udala, hezkuntza komunitatea, gainerako herritarrak ...).
Hori horrela, orain arte bezala benetako lankidetzan jarduteko prestutasuna eta konpromisoa daukala adierazi nahi dio Txatxilipurdik Arrasateko herrikideei eta baita udalari ere".