Francesco Tonucciren Haurren hiria eta Heike Freireren Berdean hezi euskaratu ostean, "edozein pertsonarentzat baliagarri izan daitekeen" Komunikazio ez bortitza liburuari heldu dio Txatxilipurdi elkarteak, "hezitzaileen jardunari laguntzeko eta jendarteak egunerokotasunean izan ditzakeen gatazketan konponbideak proposatzeko", aipatu du Amaia Etxabe zuzendariak.
Liburua itzultzeko "prozesu luzea" egin dutela gogoratu du Lander Juaristik, egitasmoaren koordinatzaileak: "Nerea Mendizabalengana jo genuen lehenbizi, bera baita Euskal Herrian gai honi buruzko titulua daukan bakarra; formakuntza saio batzuk egin genituen berarekin, eta hitzaurrea ere idatzi du". Behin gaia ezagututa, Rosenbergen liburua itzultzea erabaki zuten elkarteko kideek, "kontzeptuaren oinarriak" azaltzen dituelako, batik bat. Diego Martiartuk ekarri du euskarara, eta, Juaristik esandakoaren arabera, "egiteko samurra izan ez duen arren, sekulako lana burutu du". Liburuaren azala, berriz, Txatxilipurdiko kide Oihane Sanchezek marraztu du.
Eraldatzeko tresna
Urteak daramatza Txatxilipurdik harremanetan sortzen diren gatazken inguruan hausnartzen. Une oro komunikazio bortitzarekin lotutako adibide ugari gertatzen direla aipatu du Etxabek: "Bortizki komunikatzea ez da zertan oihuka hitz egitea, botere harremanekin du zerikusia, hizkuntza sexistarekin, aldamenekoa kritikatzearekin". Modu horiekin "talka" egiten du proposatzen duten ereduak, entzute aktiboa eta gatazketan alde bakoitzak izan ditzakeen beharren identifikazioa sustatuz.
Azken finean, "egungo korrontearen aurka" doan praktika jartzen du mahai gainean, eta kontziente dira "patxadaz egin beharreko" ariketa dela, "bidean frustrazio eta oztopoak" aurkitzen baitituzte. Hala ere, gizarte eredu "osasuntsuagoa" eraikitzeko "aurrerapausotzat" jo dute ekarpena. Liburua elkartearen bulegoan daukate salgai, momentuz, eta hedapena pentsatzen hasiak dira dagoeneko.