Asteburuko ekintzek eta zuntz optikoak zeresana eman dute, gai-zerrendan egon ez arren

Eneko Azurmendi 2021ko ots. 2a, 20:10

Galdera-erantzunen tartea Udaltzaingoari babesa emanez hasi du Anuska Ezkurra Udal Gobernuaren bozeramaileak eta, era berean, haien babesa erakusteko eskatu die EH Bilduri eta Elkarrekin Arrasate udal taldeei. EH Bilduren bozeramaile Maider Morrasek azpimarratu du "hausnarketa sakona" behar duela gaiak eta krisi mahai bat sortzeko eskaera berretsi du.

Otsaileko osoko bilkuran onartutako lehen puntua izan da Eva Abuinen kargu hartzea eta Igor Urizarri eskerrak emateaz gain, arrasatearrentzako lan egiteko konpromisoa hartu du.

Ondoren, herribus zerbitzuaren plegu berriak onartu ditu udalbatzak, bost urterako pleguak, hain zuzen, hirugarren linea martxan jarri ahal izateko. Victoriano Fuentes Zerbitzu zinegotziak azaldu duenez, herritarrentzako onuragarria izango da linea hori. "Mugi txartela baliagarria izango da eta espero dugu frekuentziak jaistea, 30-35 minututik 15-20 minutura". Onartutakoaren arabera, 745.467'33 euro bideratuko dituzte zerbitzu horretara (%10eko BEZ barne)

EH Bilduk begi onez ikusten du hirugarren linea, baina zerbitzua publikoa izan beharko litzatekeela uste du. "Lan-baldintza duinak bermatuko dituen jakin gura dugu, euskara maila aintzat hartuko den eta geltokian prezioa ordainduko den edo ez". Abuinek ere nabarmendu du behar handiena duten sektoreak direla erabiltzaile nagusiak eta prezioak horretara egokitu beharko liratekeela. Ezkurrak erantzun dio eskaerak kontuan hartuko dituztela kontratazioa heltzen denean. Era berean, Fuentesek gaineratu du autobus-aldaketak doakoak izatea eskatu dutela, "baina epe jakin batean, 15 minututan-edo". Zerbitzua publifikatzearen harira, berriz, Fuentesek azpimarratu du ez dela bideragarria, "autobusen kostuagatik". Azkenik, langileen baldintzak kontratazio mahaietan bermatuko dituztela adierazi du Ezkurrak. "Langileen baldintza duinak guztiok gura ditugu".

Mondragon hotelaren zati baten desjabetzea

Ekobulebar proiektuarekin jarraitzeko, "Biteri kalea egokitzeko proiektua" onartu du udalbatzak, hotelak egindako alegazioak deuseztatuz, "udal zerbitzu teknikoek 2020ko urtarrilaren 20an egindako txostenean azaldutakoan oinarrituta". Proiektua onartzeak berekin dakar inplizituki "erabilera publikoaren deklarazioa eta eragindako ondasunak eta eskubideak okupatzeko beharra, desjabetze ondorioetarako", baita urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea ere, "nahitaezko desjabetzeari buruzko legedian aurreikusitako ondorioekin", txostenak jasotzen duenez.

Morrasek azaldu du ez datozela bat Ekobulebar-arekin eta desjabetzeek zuzeneko lotura dutela proiektuarekin. "Laubide eta Ekobulebar-a bateragarriak direla esan diguzue, baina zuen proiektua aurrera doa, pausoz pauso. Ez dugu ulertzen desjabetzea zergatik egon behar den herriko ostalari bati. Oso neurri gogorra da hori".

Ezkurrak erantzun dio Ekobulebar-aren zati bat bakarrik dela hori, bidegorriarentzako atala. "Bidegorriari amaiera emango diogu eta desjabetzea horretarako da. Interes orokorrerako aukera hoberena delako".

Era beran, Gobernuaren bozeramaileak adierazi du autobus geltoki "duin" bat edukitzea bateragarria izan daitekeela, "gu ere kontziente garelako ganorazko geltoki bat behar dugula herrian". Baina gaineratu du gaur-gaurkoz EH Bilduk mahai gainean jarritako aukera ez dela bideragarria. "Posible da proiektuak aldatzea, baina borondate kontua da", erantzun dio Morrasek.

Asteburuko ekintzen harira, eztabaida

Galdera-erantzunen tartean, Ezkurrak babesa adierazi dio Udaltzaingoari, asteburuko gertaerengatik. "Publikoki gaitzetsi genuen. Sinestezina da aurreko asteko pintaketen ostean, berriro ere jarrera hauek egotea. Gure babes osoa udal langile talde honi, zeinek pandemia gogor eta bortitz honetan osasun eta segurtasun neurriak betearazteko lana duen".

Horrez gain, udal alderdiei babesa eskatu die. "Ez dugu zuen babesik jaso eta zintzotasunez diot eskertuko genukeela. Aukera paregabea daukazue orain horretarako". Morrasek erantzun dio gaiak "hausnarketa sakonago" bat behar duela eta batzordean landu beharrekoa dela, "bizikidetzaren inguruko eztabaida zintzo bat" bermatze aldera. Era berean, krisi mahai bat sortzeko eskaera berretsi du. 

Johanna Sanchez sozialista "erabat ados" azaldu da Ezkurrak esandakoarekin eta Abuinek, berriz, Morrasek esandakoari heldu dio. "Mahai bat eratzea ondo ikusten dut".

Alde zaharrean zuntz optikoa jartzearen harira

Aurreko astean Zuntz 2021 plataformak adierazi zuenaren harira, EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu du arrakala bat sortzen ari dela alde zaharreko eta gainontzeko herritarren artean, zuntz optiko falta dela eta. 

Ezkurrak azaldu du Zuntz optikoa egoteko, gaur-gaurkoz, lurperatua izan behar dela eta Alde Zaharra Berritzeko Planak aukera emango duela zuntz optikoa sartzeko lurperatu gabe. "Bat gatoz ganorazko zuntz optikoa behar duela alde zaharrak. Agintaldi honetan posible izango da hori. Enpresendako garestia da eta ez dago haien eskaintzarik".

Kepa Urtega EH Bilduko zinegotziak aldarrikatu du herritar askok "orain" behar dutela zuntz optikoa. "Ezin dugu lanik egin eta akademiek ere ez. Konturatzen zarete horretaz? Beraz, behin behinekoz ahalbidetu daitezke aukerak".

Hala, Ezkurrak gaineratu du bilera bat egingo dutela kaltetuekin, eskaerari erantzunez.

Onartutako beste puntu batzuk

HAPOren egokitzapena ere onartu dute, "jarduketa programa berria 8 urterako eta ponderazio koefizienteak, erabilera eta kokapena kontuan hartuta", baina Abuinek aurka bozkatu du, "etxebizitza duin bat edukitzeko eskubideari uko" egiten diola argudiatuz. Bestalde, ELA sindikatuak 201erako lanpostuen zerrendaren hasierako onarpenari aurkeztutako alegazioak edota 2021ko Araudi Plana ere onartu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak