Arrasateko Udal Gobernuari "onartezina" iruditzen zaio EAJ-PNVk eta PSE-EEk Arrasaten dituzten egoitzen aurkako erasoak izan eta astebetera, ekintzak alkatearen, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren aurka egitea. "Ulergaitza da pintaketak udal langileen aurka egin izana, hain zuzen, arrasatear guztion segurtasuna bermatzen duten udaltzainen kontra. Are gehiago, COVID-19aren pandemia garai honetan, zeinak martxoaz geroztik guztion osasuna bermatzeko neurriak betetzen eta ezjakintasun egoeran laguntzen dihardutenak", nabarmendu du.
Era berean, horrelako jarrerek eta ekintzek iraganeko gertaerak gogorarazten dituztela adierazi du, eta ez dutela laguntzen udalerri gisa bizikidetzaren mesedetan aurrera egiten. "Orain arte modu partekatuan lortutako aurrerapenetan jarraitzearen eta atzera ez egitearen alde gaude".
Azkenik, dei egin die udalbatza osatzen duten gainerako alderdi politikoei (EH Bildu eta Ahal Dugu-Podemos) gizalegearen aurkako jarrera horiek gaitzetsi ditzaten.