Gizarte kohesioa jomugan hartuta

Eneko Azurmendi 2021ko urt. 28a, 21:03

Txatxilipurdi Elkarteak eta Emun kooperatibak Zuaz proiektua jarri dute martxan. "Kulturartekotasuna oinarri hartuta, eta aniztasuna aberastasun moduan ulertuta, gazteekin eta gazteentzat egiten ari garen proiektu esperimentala da", adierazi dute.

Arrasateko nerabe migratzaileen inklusioan eta sozializazioan laguntzeko egitasmoa diseinatzeko behar bat antzeman ostean iritsi da proiektu hori. "Erronka horiei modu esperimentalean erantzun nahi diegu, eskualdeko hainbat eragilerekin elkarlanean", azaldu du Iker Agirre Txatxilipurdiko kideak. "Horrela, proiektu honetan modu berritzailean lotu nahi ditugu hiru esparruak, kulturartekotasuna oinarri izanik, nerabeak subjektu aktibo bihurtuz eta euskararen erabilera areagotzeko elkarrekin lan eginez".

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna eraikiz dinamikaren baitan kokatzen da proiektua eta kulturartekotasuna, kohesioa eta gizarteratzea dituzte jomugan, nahiz eta oraindik hasiera fasean dauden, lehen urratsak egiten.

Aisialdi hezitzailean oinarrituko da egitasmoa eta nerabeak erdigunean jarriko dituzte, "aktore nagusi" izanez. Era horretan, bizi dituzten egoerekiko "ikuspegi kritikoa eta enpatia" lantzeaz gain, "helburu eta proiektu komun erakargarri baten bueltan", nerabeen inklusioa eta euskararekiko pertzepzioa hobetu eta erabilera handitzea gura dute sustatzaileek.

Gazteekin eta gazteentzat

Zuaz proiektuaren berezitasunetako bat da gazteentzako eta gazteekin gauzatuko dela, "haien begiradatik eta haientzat", hain zuzen. "Proiektuaren parte inplikatu eta aktibo senti daitezen gura dugu. Hala, haien esku utziko dugu proiektuaren diseinua eta norabidea. Haiek erabakiko dute mamia zein izango den, egin gura dutenaren arabera", azaldu du Amaia Rodriguez Emun kooperatibako teknikariak.

10 eta 16 urte arteko gazteak

Dagoeneko egin dituzte lehenengo urratsak, Arizmendi Ikastolako eta Arrasateko Institutuko 10 eta 16 urte arteko ikasleekin hainbat saio eginda. Agirrek adierazi duenez, saioen ardatz nagusia aniztasuna izan da eta lau esparru edo alorretan banatu dute aniztasun hori: jatorri kulturala, sentimendua, genero identitatea eta hizkuntza.

Aniztasunaren baitan, alde batetik, aztertu gura izan dute gazteen senideen eta haiek dituzten erreferenteen jatorri kulturala zein den, esaterako. "Ondorioztatu dugun gauzetako bat da familia askotan migrazio mugimendu bat egon dela eta gaur egun ere badagoela". Bestetik, sentimendua ere landu dute. "Jaioterria eta bizitokia gauza bat da, baina norbera nongoa sentitzen den ere inportantea da, eta sentitze hori izan daiteke askotarikoa, leku batekoa baino gehiagokoa, alegia". Azkenik, ikasleen genero identitatea eta hizkuntzen ulermena ere jorratu dituzte saio horietan.

Nerabeen erantzuna "oso positiboa" izan dela nabarmendu du Agirrek, eta "gustura" jardun dutela gai hauen inguruan berbetan. "Azken batean, errealitate zabal batean bizi dira eta egunerokoan bizi duten askotariko errealitate hori haien parte da. Ikusten da badutela sentsibilitate bat", gaineratu du.

Jarraipena egin eta ekarpenak jaso

Egitasmoak duen beste ertz garrantzitsuetako bat da talde eragilearena da (Ikus goiko zerrenda). Haien zeregina izango da, batetik, prozesuaren urratsak ezagutu eta jarraipena egitea, eta, bestetik, sustatzaileek planteatzen dituzten ideiak kontrastatzeaz gain, ideia berriak proposatzea. "Gainera, zeharka lantzen den beste arlo bat harremanena da, askotan oso harreman monogamoak ditugu eta. Harreman horietatik lankidetza proiektu asko sortzeko aukera dago", azaldu du Agirrek.

Hauek dira talde eragileko kideak: Liga de Mujeres de Sahara, SOS Arrazakeria, IMME, Activos por un Mundo Solidario (AMS), Ekin Emakumeak, kale hezitzaileak, Udaleko Gazteria eta Aniztasun sailak, Arizmendi Ikastola eta Arrasateko Institutua.

"Begi onez" ikusi dute ikastetxeek

Bi ikastetxeek ere "begi onez" ikusten dute gorpuzten ari den proiektua. Gaztelupeko orientatzaile Maite Agirianok, esaterako, halako proiektuak "oso beharrezkoak" direla azpimarratu du. "Batez ere, gazteei aukera emateko gai sozialen inguruan hausnartzeko, parte hartzeko eta subjektu aktibo izateko. Aniztasuna lehen planoan dago gaur egun eta inportantea da gai hau gazteekin eta gazteentzako lantzea".

Arrasate Institutuko ikasketaburu Imanol Garmendiak, halaber, adierazi du "oso interesgarria" iruditu zaiela, aniztasunari ikuspuntu positibo eta eraikitzailea ematen diolako. "Arrasaten eta Euskal Herrian beharrezkoak dira halako proiektuak. Gainera, gure hezkuntza proiektuaren oinarrietako bat ere badenez, pozik hartu dugu".

Hurrengo pausoa gazteak aktibatzea

Hurrengo urratsa gazteak aktibatzea izango da. Horretarako, gonbidapenak banatuko dituzte ikastetxeetan, eta otsailaren 7an, domeka, elkartuko dira, 11:00etatik 13:00etara –lekua zehazteke–. "Etortzen diren gazteak izango dira protagonistak eta haiek egin gura dutenari forma ematen joango gara; betiere, kulturartekotasuna oinarri hartuta", zehaztu du Rodriguezek.

Eragileetako batzuen iritziak

Isabel Medina: "Aberasgarria bezain beharrezkoa da proiektu hau"

Isabel Medina, Activos por un Mundo Solidario erakundeko koordinatzailea. 

Zer iruditzen zaizue proiektua?

Gazteen artean jatorri ezberdinak daude, eta, hori aintzat hartuta, ekimen aberasgarria bezain beharrezkoa da Arrasaten. Inportantea da gazteek euren artean elkartzeko iniziatiba edukitzea. Proiektu honek ireki duen espazioak ahalbidetuko du gehiago elkar ezagutzea eta herria aberastea.

Zein izango da zuen funtzioa proiektuan?

Elkarte moduan, kulturartekotasunaren eta aniztasunaren alor guztiak jorratzen ditugu, eta gure esperientziaren bitartez laguntzen saiatuko gara. Gainera, pertsonalki ere laguntzeko prest nago. Izan ere, nikaraguar jatorriko seme bat daukat eta badakit zer den jatorri ezberdina edukita herri berean elkarrekin bizitzea.

Nora Ugarteburu: "Kulturartekotasunean, gazteak pauso batzuk aurrerago daude helduak baino"

Nora Ugarteburu, SOS Arrazakeriaren Arrasateko bulegoko ordezkaria.

Parte hartzeko aukera daukazue zuek ere.

Gustura onartu dugu parte hartzeko proposamena. Gaia modu positiboan lantzera bideratuta dagoen guztia begi onez ikusten dugu. Beti dago gai hauek lantzeko eta mahai gainean jartzeko beharra, gazteekin zein helduekin.

Beharra dago, beraz?

Bai. Gizarte moduan asko dugu hobetzeko oraindik. Ez daukagu lehengo uniformetasunik, baina hori gauza positibo moduan ikusi behar dugu. Askok oraindik ez dute onartu gura gizartea aldatzen ari dela eta are gehiago aldatuko dela. Alor horretan, gazteak pauso batzuk aurrerago daude helduak baino. Modu askoz naturalagoan ikusten dute kulturartekotasuna, eta, etorkizunari begira, uste dut gauza ona dela hori.

Djamila Zereiby: "Espero dut bide luzea eduki dezala proiektuak"

Djamila Zereiby, IMME elkarteko kidea.

Zer espero duzu lortzea proiektu honekin?

Gazteak animatzeko behar handia dago, ekintza guztietan parte hartu dezaten eta haien artean sozializatu daitezen. Espero dut proiektu honek bide luzea izatea, eta askotariko estereotipo eta estigmak apurtzeko balio izatea, kulturartekotasuna beste begi batzuekin ikusi ahal izateko, aberastasun gisa. Uste dut hemen ondo lantzen ari direla gaia, oinarri sendoa dago.

Elkarte moduan, parte hartzeko beharra ikusten duzue?

Bai. Guztiok elkar ulertuko dugun elkartze-puntu bat aurkitzea da gizarteratzea, eta egitasmo honek bide emango du, fisikoki zein birtualki izanda ere, elkar ulertzeko eta elkarrekin egoteko. Elkarte moduan, gure betebeharra da proiektuaren parte izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak