Hasi dira Musakolako igerilekuko beiratea konpontzen

Eneko Azurmendi 2021ko urt. 26a, 14:01

Gaur, martitzena, hasi dira Musakolako igerilekuko beiratea konpontzen, urriaren 21ean haizeteak apurtu zuen beiratea, hain zuzen. Hiru Thermik enpresa hasi da lanok egiten eta haien aurreikuspenen arabera, zortzi egun beharko dituzte beirate guztia jartzeko. Udalaren asmoa da, beraz, otsail hasierarako igerilekua zabalik egotea.

Urriaren 21ean haizeteak leihate bat apurtu zuen, eta gainontzeko seiak su-hiltzaileek bota zituzten, zeukan arriskuagatik. Hiru hilabete pasatu dira ordutik eta, beraz, atzerapen handiarekin hasi dituzte lanok. "Apurtu eta hurrengo egunean guztia martxan jarri genuen kontrataziorako eta azaro erdi ingururako kontratua esleituta zegoen. Baina, pandemia dela eta, gure hornitzaileek arazoak izan dituzte materiala ekartzeko eta atzeratzen joan da guztia. Azkenean, aurreko astean baieztatu ziguten aste honetan hasteko moduan zeudela", azaldu du kirol zinegotzi Ander Garayk. 

Hiru Thermik enpresa hasi da lanok egiten eta haien aurreikuspenen arabera, gaur hasita, zortzi egun beharko dituzte beirate guztia jartzeko. "Guztia prest daukagu haiek amaitu eta hurrengo egunean igerilekua ireki ahal izateko. Beraz, otsaileko lehen astearen bukaerarako edo bigarrenaren hasierarako zabaldu ahal izango dugu", dio Garayk.

Azaldu dutenez, orain jarriko duten kristala ez da lurrunduko hezetasunagatik eta gaur egungo segurtasun araudiarekin bat dator. Neurriei erreparatuta, 6,6 metro zabal eta 3,34 metro altu diren sei estruktura jarriko dituzte. Zazpigarren leihatea handiagoa izango da: 13,20 metroko zabalera eta 3,34 metroko garaiera.

Bestalde, denbora hau beste lan batzuk egiteko ere baliatu du Udalak. Hala, azpiko baldosen juntura guztiak ondo jarri eta betetzeaz gain, sistemako iragazte hodiak konpondu dituzte, eta harmailak ere margotu egin dituzte, aspaldi margotu barik zeudelako eta beharra zeukatelako, kirol zinegotzi Ander Garayren arabera.  

Kuotei dagokienez, Udalak itzuli ditu dagoeneko azaroko eta abendukoak, eta urtarrileko gune hezeko kuota ez die kobratuko bazkideei. "Urteko kuota daukatenei, bestalde, hamaika hilabete kobratuko zaie, urtarrilean ezin izan dutelako erabili".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak